Eusko Legebiltzarra

EH Bilduk alokairuen prezioa murrizteko egindako ahalegina geldiarazi du legebiltzarrak

Elkarrekin Podemos-IUren babesa baino ez du izan. EAJ, PSE-EE, PP+Cs eta Vox alderdiek tramitazioaren aurka egin dute.

Bi gazte etxebizitza iragarkiei begira. IñAKI AGIRRE
2021eko otsailaren 4a
12:18
Entzun

Eusko Legebiltzarrak baztertu egin du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan azken urteotan prezioek gorakada handia izan duten zenbait eremutan etxebizitzen alokairuen gehieneko prezioa mugatzea arautzeko lege proposamena. EH Bilduk egin du proposamena, eta Elkarrekin Podemos-IUren babesa baino ez du jaso. EAJ, PSE-EE, PP+Cs eta Vox alderdiek tramitazioaren aurka egin dute.

Bere proposamenean, EH Bilduk etxebizitzen errenta kontratuetan errentak mugatzea eskatzen zuen, baldin eta ohikoak baziren, merkatu tentsionatuko eremu batean bazeuden eta babes publikoko bizitegi sistemaren parte ez baziren. Ikasle egoitzak ere ohiko etxebizitza izango ziren ikasturteak iraun bitartean, eta araudi horretatik kanpo geratuko ziren 150 metrotik gorako azalera erabilgarria dutenak.

Eztabaidan, Ander Rodriguez EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi du 2019ko bigarren seihilekoan alokairu librean sinatutako kontratuen batez besteko errenta 688 eurokoa zela, duela hiru urte baino %10 handiagoa. 2013tik gaur arte %22 izan da igoera, batez ere hiru hiriburuetan. Rodriguezek azpimarratu du urteroko 800 etxegabetzeak direla alokairuaren prezioari lotutako arazoaren adierazpenik «muturrekoena eta agerikoena», eta Eusko Jaurlaritzari eta haren parte diren alderdiei leporatu die arlo hori legez arautzearen aurka daudela.

Eusko Jaurlaritzak lege proposamenaren aurakako iritzia agertua zuen jadanik, «desegokia eta presazkoa» zela, Espainiako Estatuan «segurtasun juridiko handiagoa» duen araudi berria izapidetzen ari direla argudiatuta. Gainera, Eusko Jaurlaritzak uste du errentak kontrolatzeko mekanismoak finkatzea «ez dela nahikoa eskaintza monopolitiko eta oligopolistiko bati aurre egiteko». Bide horretan mintzatu dira EAJ eta PSEko bozeramaileak ere osoko bilkuran. Irune Berasaluzeren (EAJ) ustez, prezioak mugatzea «ez da arazoa konpontzeko egiturazko irtenbidea», eta politika publikoek «beste bide batetik» joan behar dutela esan du; Eneko Anduezak (PSE), berriz, Espainiako Estatuan lege bat onartzea espero duela esan du.

Iñigo Martinezek (Elkarrekin Podemos-IU) EH Bilduren proposamena babestu du, eta gogorarazi du arazo horrek «batez ere euskal gazteei» eragiten diela, soldataren % 70 baino gehiago alokairuan eman behar dutelako. PP+CS taldeari dagokienez, Muriel Larreak esan du «zuzenena» alokairuko etxebizitza publikoen eskaintza handitzea dela, eta eskuin muturreko Vox alderdiko parlamentari Amaia Martinezek ez du hitz egiteko txanda erabili, eta ez du kontrako botorik azaldu.

Bilbo, Donostia eta Gasteiz

EH Bilduk proposatzen zuen Eusko Jaurlaritzak adierazpen bat egitea alokairuen prezioak azken urteotan asko igo diren etxebizitza merkatu bat duten eremuei buruz. Eremu horietan finkatuko zen errenten gehieneko prezioa. Gaur egun etxebizitza merkatu tentsionatua duten eremuak identifikatu dituzte, non azken bi urteetan alokairua %8 baino gehiago igo den. EH Bilduren proposamenaen arabera, prezioen erreferentziazko indize bat ezarriko zen leku horietan, eta alokairu kontratu berriek ezingo zuten gainditu. Hauek dira identifikatuak zituzten auzoak: Bilbon, Alde Zaharra eta Ametzola; Donostian, Aiete-Lugaritz, Gros-Sagues, Ibaeta-Errotaburu-Berio, Lorea, Intxaurrondo eta Marrutxipi; eta Gasteizen, Aranbizkarra, Ariznabarra, Arriaga-Lakua, Koroatzea, Babesgabetuak, Anglo, Pilar, Judimendi, Lovaina eta San Kristobal.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.