Hasier Arraiz EH Bilduko bozeramaileak eskua luzatu dio Iñigo Urkulluri datorren urteko aurrekontuak negoziatzeko. "Aukera erreal bat", esan du Arraizek. Ondoren lehendakariak erantzun dio ez duela aukera hori "alferrik erortzen utziko", eta PSEri ere eskua luzatu dio "elkarrekin akordioak lortzen jarraitzeko, aurrean dauden erronkei aurre egiteko".
Hainbat gai landu ditu Urkulluk goizean bere hitzaldian, eta arratsaldean oposizioaren txanda izan da. Arraizek egoera sozioekonomikoaz "autokonplazentziaz" mintzatzea egotzi dio Urkulluri, eta zerga politika aldatzearen alde agertu da, eta esan du hori egin gabe ez dagoela baliabideak izaterik.
Eredu ekonomikoa pertsonen beharren arabera moldatzea proposatu du Arraizek. #bilkura14
— edurnebegiristain (@ebegiristain) September 25, 2014
Autogobernu lantaldearentzat kritikak izan ditu Arraizek. Ez dela tresna egokiena dio, "denbora pasatzeko" dela. Euskal Herrirako "prozesu eratzailea" beharrezkoa dela esan du EH Bildukoak, eta "agenda demokratiko bat" eskatu du. "Denok dakigu Madrilekin aldebiko akordioa eta burujabetza partekatua lortzea ezinezkoa dela".
Egungoa erabakitzeko eskubidearen aroa dela adierazi du Arraizek, "baita Katalunian eta hemen ere", eta Josu Erkorekak asteon salatutako "inboluzioa" gogoratu du Arraizek, "zentzu guztietan". "Eta, zer? Zein da gure erantzuna?", galdetu dio Urkulluri.
Presoen sakabanaketa berehala bukatu behar dela azpiamarratu du Arraizek, astero daudela giza eskubideen "urraketa larriak", eta bake lantaldea berriro abian jartzeko adierazpen berri bat lantzeko eskua luzatu die alderdiei. PP, PSE eta UPDri egotzi die ez dutela nahi bake prozesuak aurrera egitea.
"Gu ez gaude pozik egindako guztiarekin, egin ditugu egin behar ez genituen gauza asko", autokritika egin du Arraizek. Eta lehendakariari esan dio Madrilekin ez dagoela zer egiterik: "Madrildik eremu guztietan itxikeria besterik ez datorkigu. Madrilekin ez dago zereginik". Euskal Bidea jorratu nahi duenarekin elkarlanerako eskaintza egin dio.
Egibar (EAJ): "Iraganaren irakurketa kritikoa behar da"
Bake lantaldea abiatzeko Joseba Egibar EAJko bozeramaileak "iragana berrikusteko giza dimentsioa eta ausardia politikoa" eskatu ditu. "Iraganaren irakurketa kritikoa egin nahi dugu, etorkizuna elkarrekin eraiki nahi dugulako", esan du Egibarrek.
Egibar ere erabakitzeko eskubidearen alde mintzatu da, eta esan du bizi-baldintzak hobetzeko nahi dutela. Eusko Jaurlaritzaren bake plana "egokia, sendoa eta oso konprometitua" dela gaineratu du
Ekonomian ere Urkulluk esandakoa babestu du Egibarrek. "Hazkunderako euskal eredua" defendatu du. Espainiak "desoreka estrukturalak" dituela dio Egibarrek, "langabezia tasa, kanpo zorra eta deifizit izugarria". "Hemen ez gaude horrela, zorionez". Egibarren ustez, egindako apustuan dago "giltza".
Mendia (PSE-EE): "Zure borondatea frogatuko dugu"
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak gogor hartu du lehendakaria, eta kritiko agertu da hainbat arlotan. "Buruan" erabakitzeko eskubidea badu autogobernu lantaldea bertan behera uzteko eskatu dio, eta bere proposamena egiteko. Bide horretan sozialistek ez dutela lagunduko gaineratu du.
Duela urtebete Patxi Lopezek eta Iñigo Urkulluk sinatu zuten erakundeen egonkortasunerako akordioaren balantzea "eskasa" dela esan du Mendiak, gainera. Hori egitearekin batera, ordea, ate bat ireki dio PSE-EEren eta EAJren arteko akordioari.
"Zure borondatea frogatuko dugu. Baina borondate hori ez badugu egiaztatzen, gure ekimenak aurrera aterako ditugu". #bilkura14
— edurnebegiristain (@ebegiristain) September 25, 2014
Urkulluk gero eman duen erantzunean, ordea, azpimarratu du harreman ona dagoela EAJ eta PSEren artean. Eta Lopezekin sinatutako akordioan sinesten dutela berretsi du. "Akordioa nahi dugu", adierazi du lehendakariak.
Bere agerraldian Mendiak Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren "lorpenik handiena gatazka" dela esan du, eta enpleguaren arloan "beti berandu" aritzea leporatu dio. "Printzipiorik eta proiekturik gabe kudeatzen duzu", adierazi du. Zerga iruzurraren aurkako borrokan ahalegin nahikorik ez egitea ere egotzi dio, eta LOMCErekin anbiguotasunez jokatzea.
Lehendakariak gero datu faltsuak erabiltzea leporatu dio.
Quirogak (PP) Eskozia jarri du adibide
Arantxa Quiroga PPko bozeramaileak argi hitz egiteko eskatu dio Urkulluri. Kontsulta batera deitu nahi badu hauteskunde programan "Euskadiren independentzia" sar dezala eskatu dio lehendakariari, eta independentzia nahi duen argitu dezala. Urkulluk erantzun dio Madrilen Gernikak Estatutua elkarrekin defendatzera dei eginez.
Eskozia adibidetzat hartu du Quirogak, eta adierazi du: "Kontsulta posible da". Gero, ordea, galdetu du: "Zertarako itun berri bat?". Haren ustez, estatu independente bat ez litzateke bideragarria, eta uste du herritarrek ez luketela independentziaren alde bozkatuko. Horregatik, Espaniarekin "kolaboratzeko" eskatu dio lehendakariari, eta uzteko Espainia "erruduntzat" hartzeari.
PPko @arantzaquiroga orain. "Ez dut ulertzen zergatik ibili behar dugun Espainia alde batetik eta euskaldunak bestetik".#bilkura14
— edurnebegiristain (@ebegiristain) September 25, 2014
Maneirok (UPD) "arduragabea" deitu dio Urkulluri
Ordezkaritza txikiena duenetik handiena duenera hasi dira oposiziokoak txanda hartzen. Gorka Maneiro UPDkoak hasi du, beraz. "Arduragabe" deitu dio hark Urkulluri, eta aurpegiratu dio bere ustez estatus politiko berriak "haustura" ekarriko lukeela. Hark "federalismo asimetrikoa" proposatu du.
Kritika ugari egin dizkio @Gorka_Maneiro-k @iurkullu-ri. "Gugatik balitz, lehendakari izateari utziko zenioke gaurtik". #bilkura14
— edurnebegiristain (@ebegiristain) September 25, 2014