Miñaoko Parke Teknologikoa (Araba) handitzeko lanak adjudikatu berri dituzte, eta horietan aritzekoa da lan horiek egiteko aurretik kontratatu eta De Miguel auzian ikertu duten enpresa bera: STOA.
Gasteizko EH Bilduk jakinarazi du azalpenak eskatu dituela Miñaoko Parke Teknologikoaren Administrazio Kontseiluan, Gasteizko Udalean eta Arabako Batzar Nagusietan.
Enpresa horretako administraria da Sergio Fernandez Oleaga, eta Arabako Probintzia Auzitegian epaitzen ari dira, beste 25 lagunekin batera, tartean Arabako EAJko 20 kargu publiko ohi: Alfredo De Miguel, Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano ABBko kidea ohiak, besteak beste. 12 urteko espetxe zigorra eskatu du fiskaltzak Fernandez Oleagarentzat.
Fiskaltzaren arabera, kargu publikoak zituzten auzipetu batzuek komisioak jaso zituzten, besteak beste, Miñaoko parkeko lursail batzuen salerosketagatik. Horrekin lotuta ikertu dute STOA enpresa. Fiskaltzaren arabera, parkea handitzeko lanetan aritzeko komisioa bat pagatu zuen Sanchez Oleagak.
EH Bilduk parkeko, udaleko eta aldundiko EAJko agintariei eskatuko die argitzeko zein irizpide "etiko eta juridiko" erabili dituzten enpresa hori berriz kontratatzeko. Horrez gain, koalizio subiranistak uste du Miñaoko parkearen handitze lanak ez direla beharrezkoak eta "arduragabekeria" bat dela hori egitea. Uste du "interes pribatuak" daudela erabaki horren atzean.