Emaitza berberen irakurketa ezberdina egin dute bi indar abertzale nagusiek. Hasier Arraiz sortuko presidenteak Radio Euskadin esan du gizarteak subiranotasun prozesuan azkarrago joatea eskatzen duela, "bi indar nagusiak EAJ eta EH Bildu direla aintzat hartuta". Gaineratu du Kataluniak bezala Hego Euskal Herriak ere bere etorkizunaren jabe izan nahi duela, "bere prozesu konstituziogilea" egin nahi duela, "estatuak ez duelako beste aukerarik uzten".
Itxaso Atutxa EAJko presidenteak, ordea, bestelako irakurketa egin du, eta adierazi du Kataluniako prozesuak ez bezala EAJk "soseguari" eutsiko diola: "Bakoitzak bere erritmoa du, eta bere bide orria dauka", esan du Radio Euskadin hark ere. Gustura agertu da EAJko presidentea bere alderdiak lortu dituen emaitzekin, eta esan du Eusko Jaurlaritzak egiten duen politikari emandako babesa dela.
Abertzaleak, pozik hauteskunde gauean
Pozarren agertu da Josu Juaristi EH Bilduko europarlamantaria. "Ez zuten nahi, baina hara goaz, eta 323.000 botorekin baino gehiagorekin", esan die Bilboko Bilborock aretoan bildutako jarraitzaileei. "Eta min egingo die, eta entzun egin beharko gaituzte. Erronka izango da guretzat, eta erronka Europako Parlamentuarentzat".
Andoni Ortuzar EAJko presidenteak ere emaitzen balorazio positiboa egin du. "Euskadiren eta Kataluniaren berezitasuna" nabarmendu ditu, eta emaitzetan hori ikusi dela azpimarratu. Pozarren agertu da hura ere, emaitza horietan ikusten ei delako EAJk eusten diola "Euskadiko lehen indarra" izateari, eta "zazpi lurraldeak" aintzat hartuta ere lehen indarra delako, nahiz eta azken datu hori ez den zuzena.
PSE eta PP, etsita
Izan dira emaitza okerragoak baloratu behar izan dituztenak ere. Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak, esaterako, "aitzakiarik" ezin dela jarri esan du: "Emaitzak oso txarrak dira; proiektua berriro pentsatu behar dugu, eta aurrera begira zer egin erabaki".
Nerea Llanosek (PP) Radio Euskadin aitortu du "emaitza hobeak" espero zituztela, eta adierazi du "etsigarria" dela Carlos Iturgaitzek eserlekua galdu izana. "Orain, galdutako botoen eta herritarren konfiantzaren bila borrokatu beharko dugu". EH Bilduk bere jarraitzaileak mobilizatzea lortu duela dio Llanosek, baina "Europaren aurka" erabil ditzakeela botoak.