Kike Fernandez de Pinedo izango da Arabako ahaldun nagusi izateko EH Bilduren hautagaia 2015eko udal bozetan. Koalizioaren bozeramaile izan da orain arte Gasteizko Udalean. Arabako hiriburuko alkategai, berriz, Miren Larrion aurkeztuko da, EHUko irakaslea.
Koalizioak jakinarazi duenez, bihar eguerdian egingo dute bi horien aurkezpen ekitaldia. Gipuzkoako hautagaia ere nor duten bihar jakingo da. Martin Garitano ez da berriro aurkeztuko, eta aste honetan Larraitz Ugartek esan du ez bera ezta Helena Franco ere ez direla ahaldun nagusi izateko hautagai izango.
Gipuzkoako PSEk, bestalde, Donostiako zinegotzi Denis Itxaso proposatu du lurralde horretako ahaldun nagusi izateko. Azaroaren 17ra arteko epea izango dute sozialistek zerrendaburuak aurkezteko, eta orduan berretsiko da proposamena.