Laura Mintegi lehendakarigaiarekin batera, EH Bilduk proposatzen duen gobernu taldeko hamaika kideak, programa osatzen lagundu duten herritarrak eta legebiltzarrerako hauteskundeetarako zenbait hautagai ere izan dira programa aurkezteko ekitaldian. Mintegik eskerrak eman dizkio "auzolanaren kultura" oinarri hartuta ia berrehun orriko programa osatzeko lanean aritu den "talde sendo, zabal eta askotarikoari". Donostiako Eureka zientzia museoan egin duten aurkezpenean, Mintegik esan du ilusio handia dagoela talde horren atzean, eta plazer bat dela berentzat halako proiektu bat defendatzea.
Hamaika atal ditu aurkeztutako txostenak, baina hiru ardatz nagusitan labur litezke EH Bilduren proposamenak. Lehena, bakegintzarena; Mintegik adierazi du normalizazio politikoa "guztien artean" eraiki nahi dutela, eta erakundeak egokitu beharraz aritu da, Euskal Herriko aro berriari ekarpena egiteko. Horretarako, akordioaren eta elkarrizketaren kultura bultzatu beharra dagoela dio; haren esanetan, horretan oinarrituko baita gatazkaren konponbidea. Biktima guztiak kontuan hartu beharra, justizia trantsizionala eta Ertzaintzan "sakoneko erreforma" egin beharra aipatu ditu, besteak beste.
Bigarrena, krisi ekonomikoari aurre egiteko neurriak: gizarte "justu eta libreagoa" sortzeko bestelako eredu bat aldarrikatu du EH Bilduren hautagaiak, "gizarte neoliberal honi 180 graduko bira emateko". Hainbat neurri jasotzen da programan, baina gaurkoan zerga sistema, gizarte zerbitzuak eta hezkuntza, etxebizitza eta osasun arloak nabarmendu ditu.
Azkenik, Euskal Herriaren burujabetza aldarrikatu du, "krisialdiari aurre egiteko tresna eta eskumen guztiak izateko". Horixe da, Mintegiren esanetan, EH Bilduren bidea eta helburua: "Estatu libre bat eraikitzea Europan, krisiari justizia sozialaren bidez aurre egiteko tresna guztien jabe".