EH Bilduk «demokraten batasuna» nahi du estatuari aurre egiteko

Erredakzioa
Donostia
2015eko uztailaren 26a
00:00
Entzun
EH Bilduk uste du, Kataluniako «prozesu eratzaileak» erakusten duela Espainiako Estatuak «izaera antidemokratikoa» duela, «eskubideak ukatzen dituelako eta Kataluniaren autonomia ezabatzeko mehatxua egin duelako»; koalizioak esan du han gertatzen ari dena Euskal Herriak aintzat hartu behar duela, «demokraten batasuna lortzeko»., «Mehatxua bihurtu da Espainiako Estatuaren lurralde batasunari eutsi nahi diotenen argudio politiko bakarra. Estatuaren mehatxuek lor dezakete gure artean lortzeko kapazak izan ez garena: abertzaleen edo independentisten arteko batasuna baino gehiago, euskal demokraten arteko batasuna», adierazi dute Hasier Arraiz eta Rebeka Ubera EH Bilduko kideek, Donostian emandako prentsaurreko batean. «Horretara joan beharko genuke, estatuaren aurrean akordioak Euskal Herrian bertan lortzera».

EH Bilduren iritzian, Espainiako Estatuak «demokratizazio sakona» behar du. «Demokraziarik ez da egongo estatuaren menpeko herriei eta herritarrei dagozkien erabakitzeko eskubidea aitortzen ez bazaie». Ez du gustuko PSOEk abiatu asmo duen konstituzio erreforma, ezer aldatuko ez duelakoan baitago.

Mediavillaren kritikak

Koldo Mediavilla EAJren EBBko kideak Felipe VI.a Espainiako erregeari kritika egin dio, «Euskadiko eta Kataluniako nazio errealitateak ulertu gabe segitzen baitu». Espainiako erregeak aste honetan Bilbon esan du «batzen gaituena Espainia» dela, baina Mediavillak irizten dio estatuak herriei «menpekotasuna» ezartzen diela. «Hori ez da bizikidetza eredu bat». EBBko kidearen arabera, estatuak «gaiztotutako arazo» horri ez baldin badio irtenbiderik ematen, «egoera lehertu» egingo da.

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak alderdi abertzaleei eskatu die parte har dezatela Espainiako Konstituzioaren erreforman. Uste du EAJ horretarako prest dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.