EAJk gaur hasi du Eusko Jaurlaritzaren osaerari begirako bilera sorta, EH Bildurekin. Ordu eta laurdenez egon dira batzarrean Bilbon, Sabin Etxean, eta, bilera bukatu ondoren, Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaiak hedabideen aurrean esan du bileran sumatu dela "akordioak egiteko borondatea" dutela EAJk eta koalizioak.
Gai batzuetan besteetan baino gertuago daudela adierazi du Mintegik —arlo ekonomikoan ados ez daudela zehaztu du—, baina "elkarguneak" sortzeko aukera egon daitekeela uste du. Esaterako, "herriaren egitura politikoetan aurrera egiteko adostasun handiak" dituztela iritzi dio.
Jeltzaleek azaldu diete krisiari, bakegintza eta normalizazio politikoari eta autogobernua handitzeari buruz akordio "zabal eta iraunkorrak" lortu nahi dituztela. EAJk une hauetan krisiari ematen dio garrantzirik handiena. Hamar orrialdeko eskema bat eman diete EH Bildukoei. Dena dela, Mintegik jakinarazi duenez, bihar helaraziko die EAJk idatzia, beste taldeekin egon ostean. EAJ eta EH Bildu gehiagotan batzartzekotan geratu dira, koalizioak esan duenez.
EAJtik Iñigo Urkullu EBBko presidente eta lehendakarigaia, Pilar Garcia de Salazar EBBren idazkaria, Joseba Egibar Eusko Legebiltzarreko bozeramaile eta GBBko presidentea eta Koldo Mediavilla EBBko Erakunde alorreko arduraduna izan dira batzarrean. EH Bildutik Laura Mintegi lehendakarigaia, Hasier Arraiz ezker abertzaleko kide eta hauteskundeetan Arabatik legebiltzarkide hautatua, eta Pello Urizar EAren idazkari nagusia eta gipuzkoarrek legebiltzarkide izateko aukeratu dutena.
PSErekin bildu da ondoren
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan babes handiena jaso duen alderdia izanik (27 legebiltzarkide), EAJ bere etxean ari da hartzen beste alderdietako ordezkariak, bakoitzaren babes kopuruaren arabera antolatuta. Gaur, EH Bildu (21) hartu ondoren, 12:00etan PSE-EEko (16) kideekin ere bildu da, ordubetez.
Jose Antonio Pastor sozialistak esan du "jarrera eraikitzailea" agertu dutela bi parteek, baina bere alderdiak EAJren idatzia jaso ondoren erabakiko duela zer egin. Ez du ziurtzat jo biltzen jarraituko dutenik.
EAJtik ordezkaritza bera izan da PSErekin batzarrean. PSEtik Patxi Lopez Jaurlaritzako jarduneko lehendakaria eta alderdiko idazkari nagusia, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako idazkari nagusi Txarli Prieto, Jose Antonio Pastor eta Iñaki Arriola egon dira.
Jeltzaleak PPrekin (10) eta UPDrekin (1) bihar bilduko dira, 10:00etan eta 12:00etan.
Akordio zabal eta iraunkorrak
Akordio "zabal eta iraunkorrak" nahi dituela esana du Urkulluk; egungo egoerak elkarlana eskatzen duela, eta ahalik eta adostasun zabalenak lortzen saiatuko dela. Hiru gai nagusitarako aldarrikatu ditu akordioak, krisi ekonomikoari buruzkoa premiazkoena dela ohartarazita. Egoera ekonomikoari aurre egiteko alderdi guzti-guztien arteko ituna nahiko lukeela esana du; ezin dela "minutu bat ere gehiago itxaron", eta egoera ekonomiko larria iraultzeko guztiak elkarlanean aritzea izango duela helburu nagusi.
Horrez gain, autogobernuaren eta gizarte politiken inguruan itunak proposatuko dituela iragarria du, eta bakegintza eta normalizaziorako bidean ere beste horrenbeste egingo duela.
Gabonetarako Urkullu lehendakari
Legebiltzarrean ordezkaritza lortu duten alderdiekin bilerak egiten ari den bitartean, gobernua osatzeko egin beharreko urratsei begira ari da EAJ. Prozesua ahalik eta gehien azkartu nahi dute jeltzaleek, eta jakinarazi dute lehendakaria aukeratzeko prozesua Gabonen aurretik egin nahi dutela.
EH Bilduk eta PSEk gaur berretsi dute ez dutela Urkullu lehendakari izendatzeko eragozpenik jarriko, EAJ izan zelako bozetako "irabazle garbia".
Legebiltzarkide berriek kreditazioak hartzeko epeek baldintzatzen dute gobernuaren osaketa data, eta horrekin jokatu ohi dute alderdiek prozedura azkartu edo moteltzeko. Legebiltzarkide izango direnen herenek agiriak legebiltzarrean aurkeztu eta hamabost egunera deitu behar du lehen saiora jarduneko presidenteak, eta kopuru hori erraz gainditzen duten jeltzaleek astelehenean jaso nahi dituzte agiriak. Legebiltzarreko hirugarren saioa izaten da lehendakaria izendatzekoa.