Autogobernua eguneratzeko Eusko Legebiltzarrean eratuko den lantaldean parte hartuko du EH Bilduk, uste baitu Euskal Herriak bere osotasunean beharrezkoa duela estatus politiko berria. Hasier Arraiz eta Pello Urizar legebiltzarkideek gaur goizean jakinarazi dutenez, legebiltzarreko lantaldean estatus politiko berriak erabakitzeko eskubidean oinarrituta egotea proposatuko dute. Hala izan dadin, gehitzeko zuzenketa aurkeztu diote EAJk aurkeztutako legez besteko proposamenari. Zuzenketak Euskal Herriari "nazio" izaera aitortzen dio, eta horren arabera bere "aitorpen politikoa eta erabakitzeko eskubidea" jasoko dituen estatus politikoa finkatzea proposatu du. Halaber, eratuko den lantaldeak estatus berriaren oinarri izan beharko duen erabakitzeko eskubidea "bere osotasunean" ager dadin, "politika instituzionala, sozioekonomikoa eta hezkuntza-hizkuntza alorretako esparru berezituak" jasotzeko eskatu du EH Bilduk.
Estatus berriari buruzko eztabaida "ezinbestekoa" dela nabarmendu du Arraizek, eta helburuak euskal herritarrei erabakitzeko eskubidea aitortzea izan behar duela esan du. Adierazi duenez, EH Bildurentzat ez da garrantzitsua eztabaida horren formatua zein izango den, eta berdin dio lantalde itxian, batzordean edota osoko bilkuran eztabaidatzea. "Garrantzitsuena eztabaida bera da, eta lehenbailehen egin behar da", esan du. Urizarrek, halaber, ohartarazi du eztabaida horri ez diotela "baldintzarik" jarriko eta ez dutela hura oztopatzeko "aitzakiarik" onartuko.