Hasier Arraizek jendaurreko hitzaldian esan Euskal Herriak ere Kataluniaren bidea hartu beharko lukeela. “Kataluniaren independentzia prozesuari egingo diogun ekarpenik handiena gure prozesu eratzailea abian jartzea da". Prozesu horren bidez EH Bilduren xedea "burujabetza osoa" lortzea dela esan du Arraizek; "independentzia nahi dugu, euskal estatua".
Atzo Bartzelonan izan zen hura, EH Bilduko zenbait kiderekin batera Diadako mobilizazio erraldoi independentistan. Atzoko adibidearekin ere koalizioak uste du "aldaketa politikoaren garaiak" direla hauek, baina Arraizek oharrarazi du Espainiako Estatuak "baliabide guztiak" erabiliko dituela Katalunia eta Euskal Herria estatu izan ez daitezen. "Askatasunaren" bidea urratzeko dei egin du, unea hau dela esanez, eta EAJ aipatzeke adierazi du "batzuk itxaron" egin nahi dutela, "auskalo zeren zain, agian inoiz iritsiko ez den aldebikotasunaren zain. Ez badute burujabetza prozesuan aurrera egin nahi, argi eta garbi esan eta jarrera hori zintzoki defenda dezatela, baina, mesedez, horretarako inoren mina erabili gabe. Ez da bidezkoa".
Prozesu eratzailerako EH Bilduk Euskal Herriko hiru errealitate administratiboak kontuan hartzen ditu, betiere aurrerapausoak emateko. Arraizek aipatu du Ipar Euskal Herrian 2016. urtea "funtsezkoa" izango dela, "lehenengo aldiz Frantziako Estatuko mapa instituzionalean Euskal Herria marrazteko" aukera egongo delako erakunde bat sortuta. Nafarroan gobernuan eta udal askotan aldaketa eman izana garrantzitsutzat jo du. "Oraindik ez da aldaketa politikoa gauzatu, baina haziak ereinda daude". EH Bilduk EAEn ere epe "epe motzeko urratsa" egin nahi du, estatus politiko berria eginda, eta horretarako beharrezko ikusten du herritarren eta eragileen parte hartzea, "herritarrei bizkarra emanda egiten diren prozesuek kalitate demokratiko minimorik ez dutelako". Prozesua "gardena eta parte hartzailea" izateko tresnak jarri nahi ditu koalizioak; besteak beste, Kontsulta Lege bat onartuta.