Politika

EH Bilduk dio martxan dela duela bi urte agindutako eraldaketa

Azken udal eta foru hauteskundeen ondoren instituzioetan hasitako ibilbidea emaitzak ematen ari dela adierazi dute koalizioko hautetsiek, Bilboko Areatzan egindako ekitaldian: aldaketa posible dela eta beste modu batean kudea daitekeela frogatu dela bi urteotan.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2013ko ekainaren 11
14:42
Entzun

Nafarroan UPN eta PSNren 30 urtetako agintaldi aroa "akaberaren hasieran" dagoela uste du koalizioak. Bestelako gehiengo bat posible da hautetsien hitzetan: "Lehen aldiz aurreikusten da UPNk eta PSNk egun ez luketela gehiengoa izango". Politikaren norabidea aldarazteko gizartearen ekarpenak jasotzen ari dela azaldu du, eta herritarrak erdigunean izango dituen politika ereduaren alde indar metaketan sakondu behar dela. Bide hori jorratzeko "konpromisoa" berretsi du.

Gipuzkoan, instituzioak herritarrengana hurbildu direla azaldu du Donostiako alkateak. Hiriburua bera jarri du adibide. Juan Karlos Izagirreren ustez, agerian geratu da politika egiteko beste modu bat posible dela eta EH Bildu ondo kudeatzeko gai dela. Hala ere, aldaketa sakonek denbora behar izaten dutela aitortu du, eta koalizioak duela bi urte oinarri hartutako irizpideetan sakonduko duela datozen bi urteotan ere. "Boterea gizarteari bueltatu behar diogu; herritarrentzat gobernatu, baina herritarrekin", esan du.

"Eraldaketa martxan dago", adierazi du Pello Urizarrek legegintzaldi erdiaren egoera deskribatzeko. "Alternatibaren oinarria" sendo dagoela dio, eta hartutako bidean sakontzeko beharra plazaratu du; "herri gisa" aritzekoa.

Koalizioari bere sorreratik oztopoak oztopoen atzetik jartzen ari zaizkion arren, oposiziotik ere politika eredu "injustu eta baztertzailea" aldatzeko urratsak egiten ari direla azaldu du Ana Etxarte Bilboko zinegotziak. Oraindik aldatu beharrekoa "asko" dela eta, "politika publikoak baldintzatzen jarraitzeko konpromisoa" berretsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.