Euskara

EH Bilduk, EAJk eta Podemosek arbuiatu egin dute Irungo hizkuntza eskakizunen epaia

Alderdi horiek izenpetutako adierazpen bat irakurri dute Eusko Legebiltzarrean.

Bi udaltzain, Irunen. JON URBE / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2021eko ekainaren 3a
11:38
Entzun

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Irungo Udaltzaingo zerbitzurako hamabi lanposturi ezarritako hizkuntza eskakizunak bertan behera uzteko epaia eman zuen, euskara ez dakitenentzako «diskriminatzailea» dela argudiatuta. Harrabotsa sortu zuen erabakiak. Gaur, «euskararen aurka» emandako epai hori gaitzesteko, EH Bilduk, EAJk eta Elkarrekin Podemos-IU alderdiek izenpetutako adierazpen bat irakurri dute Eusko Legebiltzarrean. Salatu dute epaiak zalantzan jar dezakeela sektore publikoan euskararen normalizazioan aurrera egiteko esparru juridikoa. «Kezka» eta «egonezina» agertu dute.

Adierazpenean jaso dutenez, bat egiten dute EAEko herri erakunde guztiek euskara normalizatzeko egiten ari diren «lan eskergarekin», euskarak herritarren egunerokoan «dagokion lekua har dezan» eta herritar guztien hizkuntza eskubideak «bermatzeko».

Irungo Udalari babesa ematen diotela azpimarratu dute: «EAEko herri administrazio orok lanpostu publikoen hizkuntza eskakizunak eta derrigortasunak ezartzeko duen legezko zilegitasuna eta eskumena aitortzen dizkiogu, herritarren hizkuntza eskubideak erdigunean jarrita».

Hala, adierazi dute kezka eragin diela Auzitegi Nagusiaren epaiak, kolokan jar dezakeelako «azken hamarkadetan EAEko sektore publikoan euskararen normalizazioan aurrera egiteko izan dugun marko juridikoa».  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.