EAJko presidente Andoni Ortuzarrek alboratu egin ditu 2015eko EAEko aurrekontuak onartu ahal izateko EH Bilduk jarritako baldintzak. Ironia erabiliz, koalizioaren proposamenak "ume xuhur batek Olentzerori idatzitako gutuna" dirudiela esan du buruzagi jeltzaleak, "beti eskean dabilen ume batena".
EH Bilduk aurrekontuak negoziatzeko borondatea erakutsi zuen atzo, baina prezioa jarri zion adostasunari. Hain zuzen ere, proiektuan 566 milioi euroren aldaketak proposatu zituen, "murrizketen eta austeritatearen politikak betikotu daitezen saihesteko". Alde horretatik, 200 milioi euro eskatu zituen enplegu funts bat sortzeko, eta 150 milioi langile publikoek urteotan galdutako erosahalmena berreskuratzeko, besteak beste. Koalizioaren arabera, "dirua egon badago", eta, hortaz, bere proposamenak gauzatu ahal izateko dirua beste leku batzuetatik kentzeko eskatu zuen —AHTari adjudikatutako 350 milioi euroetatik edo Ertzaintzaren kartutxoen eta kaskoen kostuetatik—.
Ortuzarrek proposamen horri erantzun dio koalizioaren "oinarri hooliganenak pozteko" eskaintzak direla baina "sakoneko analisirik" ez dutela. Gainera, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak ez duela EH Bilduk eskatutako diru kantitate hori.