EH Bilduk elkarrizketa eskatu du gatazkaren ondorioak konpontzeko eta normalizazioa lortzeko

Lokarri-ren ustez, "bizikidetzarako lorpen handia" izan zen ETAk jarduera armatua bukatu izana. Jaurlaritzak dio biharko bozak modu libre eta baketsuan egingo direla. Atutxaren arabera, "ETAk eta haren indarkeriazko jarduera justifikatu zutenek herri honekiko zor handia dute oraindik". EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalburuak esan du egoera egonkortu egin dela.

2012ko urriaren 20a
17:46
Entzun

ETAk jarduera armatua bukatu zuela iragarri zuenetik urtebete pasatu dela eta, zenbait eragilek balorazioak egin dituzte gaur.

EH Bildu: "ETArena erabaki historikoa izan zen, eta Aieteko hitzarmenari heltzeko borondate irmoa erakutsi zuen. Horrenbeste sufrimendu eragin duen gatazkaren ondorioak konpontzeko arduraz eta maila politikoaz jokatzeko unea da. ETAk eta Espainiako eta Frantziako gobernuek hizketan hasi behar dute dagozkien gaiak konpondu eta behin betiko ixteko. Alderdi eta gizartearen ordezkariok normalizazioa lortzeko bidea egingo dugu".

Raul Fernandez de Arroiabe (Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuordea): "Bihar izango dira erabat libre eta modu baketsuan egingo diren lehen hauteskunde autonomikoak. ETAren mehatxurik gabeko bozak izango ditugu"

Lokarri: "Bizikidetzarako lorpen handia izan zen ETAk indarkeria amaitu izana. ETAk bere konpromisoa bete du, eta pertsona askok berriz ere bizimodu normala izan dute".

Juan Maria Atutxa (Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu ohia): "ETAk eta haren indarkeriazko jarduera justifikatu zutenek herri honekiko zor handia dute oraindik. Eragindako mina aitortu behar dute. Gaizki ulertutako politika antiterroristarekin ere eskubideak urratu izan dira".

Juan Kalparsoro (EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalburua): "Urtebete hau positiboa izan da, egoera egonkortu delako. Beste pauso batzuk falta dira; haien artean, ETAren desegitea. Baina urtebete honek gizarte osoari egin dio mesede, baita ekinbide terroristako kide izan direnei ere".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.