EH Bilduk eta EH Baik bat egin dute zenbait herritarrek Euskal Herria batera goiburupean Aberri Eguna ospatzeko egin duten deialdiarekin, eta iragarri dute Euskal Herria Batera-k proposatutako ekinbideetan: leiho eta balkoietan ikurrina eta Nafarroako ikurra jartzea, igandean 12:30ean Txoria txori abestea, eta Euskal Herria Batera-ren webgunearen bidez «mosaiko digital erraldoi bat» eratzea.
Bi koalizio politikoek nabarmendu dute aurtengo Aberri Eguna «egunerokotasuna hankaz gora» jarri duen abagune batean iritsi dela, koronabirusaren pandemiaren ondorioz. Bereziki gogoan hartu dituzte osasun arloko langileak, bai eta egunotan beharrean ari diren laborari, zabor biltzaile, garraiolari, supermerkatuetako langile eta bestelakoak ere. «Sostengu osoa» adierazi diete, eta gogorarazi dute langintza horietako askotan batez ere emakumeak aritzen direla eta «lan baldintza prekarioak eta soldata murritzak» pairatzen dituztela.
EH Bilduk eta EH Baik uste dute krisi abagune honetan beharrezkoa dela «Euskal Herriak duen indarra» erakustea, eta burujabetza aldarrikatu dute, ÂÂÂÂglobalizazioaren eta neoliberalismoaren ondorioei aurre egiteko tresna gisa». «Horrek bermatuko digu herri gisa bizirik segitzea eta aldi berean gizarte justuago bat eraikitzeko baliabideak eskuratzea», erantsi dute.
Presoak ere izan dituzte gogoan, konfinamendu egoera honetan haien zigorra «biderkatu» egiten delako, eta «sostengu eta elkartasun mezu beroena» helarazi diete haiei eta haien senitartekoei.
EAJren deia ikurrina jartzeko
EAJk «ongietorria» egin die «Aberri Egunaren ospakizun guztiei», baina zehaztu du ikurrina leihoetan eta balkoietan jartzeko deialdi propioa egingo duela, «azken 88 urteetan egin dugun bezala». Gogorarazi dute Aberri Eguna EAJk sortu zuela, 1932an, eta geroztik beti egin dutela ikurrina balkoian jartzeko deialdia. Aurten ere egingo dute, baina «harrigarria» begitantzen zaie «inork galdetzea ea EAJk bat egingo duen sortu berri den talde baten ekinbidearekin. Izatekotan, alderantziz beharko luke».