EH Bildu eta Elkarrekin Podemos taldeek hainbat adituren agerraldiak eskatu dituzte Eusko Legebiltzarreko Lan eta Justizia Batzordean, espetxeetako eskumena eskuratzen denean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezarri beharreko kartzela sistemaz hausnartu eta horren diseinua egiten hasteko. Gai hori lantzeko batzorde berezi bat sortzea eskatu zuten bi taldeek joan den ekainean, baina eskaera atzera bota zuten EAJk, PSEk eta PPk. Hori hala, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek helburu bera lortu nahi dute beste bide batetik. Helburu argia dute: egun euskal espetxeen egoera ezagutzea, aldatu beharreko elementuak detektatzea eta neurriak eta lehentasunak zehaztea, "betiere giza eskubideen errespetuan oinarritutako espetxe eredu propioa diseinatu eta garatu ahal izateko".
Horretarako, ondorengo erakunde eta norbanakoen agerraldiak eskatu dituzte, besteak beste: Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia sailburua, Kataluniako Justizia sailburua, Arartekoa, Kataluniako Sindikoa (herri defendatzailea), espetxe zaintzarako epaileak, Bizkaiko Abokatuen Elkargoko kartzela batzordea, Euskal Kriminologia Institutua, Zaballako kartzelako zuzendaria, Gurutze Gorria, Sida Alava, Etxerat, Salhaketa, Cassandra kolektiboa eta hiru foru aldundietako gizarte politiketako arduradunak. Talde proposatzaileek esan dute "eztabaida irekia" nahi dutela, espetxeen arloan inplikatutako eragileei parte hartzeko aukera eskainita.