kargu hartzea

EH Bilduk ez du oztopatuko Urkullu lehendakari izatea

Gobernua lehenbailehen osatzearen alde agertu da Laura Mintegi, datorren urteko aurrekontuak lehenbailehen lantzeko.

2012ko urriaren 24a
23:39
Entzun

Laura Mintegi EH Bilduko zerrendaburuak gaur esan du koalizioak ez duela oztopatuko Urkulluk kargua hartzea, ETBn egin dioten elkarrizketan adierazi duenez, "babes gehien duen alderdiak gobernatu behar duelako". Boto gehien jaso duen hautagaiak izan behar duela lehendakari berretsi du Mintegik, eta horretan zalantzarik ez dutela. Hauteskunde kanpainan ere horren aldeko konpromisoa hartu zuen.

Ez du zehaztu, ordea, lehendakari izendatzean EH Bilduk zer jarrera hartuko duen, eta aztertu egingo dutela azaldu du: "Kargu hartzea ez oztopatzeak ez du esan nahi zuzenean babesten dugunik".

EAJk 27 legebiltzarkide ditu, eta lehendakari izendatzeko prozesua abiatzeako Eusko Legebiltzarraren herenen babesa behar denez, EH Bilduko hautagaiak gogoratu du horiek nahikoak dituela Urkulluk. Mintegiren iritziz, garrantzitsua da gobernua lehenbailehen osatzea datorren urteko aurrekontuak onartzeko denbora asko ez dagoelako.

Hiru zatiko akordioa

Urkulluk proposatuko duen akordio orokorraren inguruan azaldu du berak dakienez hiru zati izango dituela eta hirurak modu orokorrean babestea eskatuko duela. Zati bakoitzak gai bat landuko du: normalizazioa, krisia eta estatus politiko berria.

EH Bilduk edukiak aztertuko dituela aurreratu du, eta gai batzuetan desadostasunak egon badaitezke ere, lehenbailehen neurriak hartzearen alde agertu da, kaleratzeei, etxe husteei eta desegonkortasun ekonomikoari aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.