Nafarroa

EH Bilduk eztabaida sozial bat nahi du Nafarroaren estatus politiko berriaz

Bakartxo Ruiz lehendakarigaiak esan du erabakitzeko eskubidean oinarritu nahi dutela itun berria.

Bakartxo Ruiz Nafarroako EH Biduren lehendakarigaia, gaur, Iruñean.
2018ko abenduaren 1a
07:05
Entzun

Bakartxo Ruiz Nafarroako EH Bilduren lehendakarigaiak herrialdeko estatus politiko berriaz eztabaida sozial eta politiko bat egitea proposatu du gaur, Iruñean, Nafarroaren Eguneko adierazpena aurkeztean. Erabakitzeko eskubidean eta eskumen burujabeetan oinarritu nahi du estatus berria EH Bilduk, "Espainiako Estatuarekin berdintasun harremana ahalbidetzeko". 1982an onartu zen Foru Hobekuntza, erreferendumik egiteke. "Dagoeneko 36 urte igaro dira trantsizioa delakoaren bulego ilunetan negoziatutako LORAFNA ezarri zenetik. Marko murriztailea, nafarren askatasun grina itotzea helburu zuena", esan du Ruizek.

Ondorioz, haren iritzian, estatus politiko berri baterako eztabaida bati ekiteko unea da, eta, horretarako, metodo bat diseinatu eta adostu nahi dute. EH Bilduk dio bere konpromisoa dela Nafarroako gizarteari hitza ematea bere bizitzan eragina duen gauza ororen inguruan erabakitzeko.

Halaber, 2015ean Nafarroako eman zen aldaketari segida eman nahi dio indar subiranistak, aldaketak "biziraupen luzea izan behar baitu". Baina EH Bilduren lehendakarigaiak azaldu duenez, "horrekin batera, eta, bereziki, aldaketan sakontzea" dagokie, "arazoen muinari heldu eta irtenbideak eskaintzea". Haren arabera, inbertsioetarako onartutako 113 milioiko plana murriztu izana, Madrilen erabakien mende jarraitzeak nafarrentzat dituen ondorioen adibide argi bat da.

"Bizikidetza demokratikorako" oinarriak jarri nahi ditu Nafarroako EH Bilduk, adostasunetara iritsita. "Baina oinarrizko ideia batetik abiatuta: Nafarroaren etorkizuna Nafarroan erabakiko dugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.