"Europako herri askotan eskuin muturreko mugimenduen gorakada ikusten ari garen une honetan, EH Bilduko ordezkari publikook salatu nahi dugu onartezinak direla Euskal Herriko bizilagun asko Euskal Autonomia Erkidegoko arduradun instituzional nagusien aldetik pairatzen ari diren eraso bortitzak". EH Bilduko Gipuzkoako koordinatzaile eta bozeramaile Oihane Zabaletak hartu du gaur goizean hitza hedabideen aurrean prestatu dituzten ebazpenen atzean dagoen arrazoibidea aurkezteko. Besteak beste, oroitarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak DSBL kentzearekin batera ordezkari politikoek emandako argudioak ezin direla onartu: "'Migrazio isuri artifiziala', 'erakartze efektua' eta 'bonba potentziala' bezalako esaerak onartezinak dira, eta publikoki ozen salatu behar dira", argudiatu du.
Lehendik ere antzekoak usuegi entzun izan direla deitoratu du, ordea. PPren partetik: Gasteizko alkate ohi Javier Marotok eta diputatu nagusi ohi Javier de Andresek etorkinen inguruan esandakoak oroitarazi ditu. Eta EAJren partetik: Eusko Jaurlaritzaren webgunean, esaterako, orain gutxi inkesta bat egin zen etorkinak, langabezian geratuta, kanporatu behar ote diren galdetzeko, eta galdera hori EH Bilduk egindako protesta baten ondorioz erretiratu zela gogorarazi zuen.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaile Xabier Olanok adierazi du prestatu dituzten ebazpenetan "elkartasuna eta babesa" erakutsiko zaiela gizarte laguntzak jasotzen dituzten guzti-guztiei eta "diskurtso arrazista eta xenofoboak" guztiz arbuiatuko direla.