EH Bilduk, ohar batean, gogorarazi du Iñigo Cabacasen heriotza argitu eta "erantzukizuna hartu gabe" utziko duela kargua Rodolfo Ares Barne sailburuak. Lau hilabete pasatu dira Ertzaintzaren pilotakada batek athleticzalea Europako Ligako partida baten ondotik hil zuenetik. Bilduk salatu du hauteskunde kanpaina "lehenetsi izanak" frogatzen duela Aresek auzia argitzeko duen "borondaterik eza". Aresen ondorengoari, Idoia Mendiari, Cabacasen hilketaren erantzuleen izenak mahai gainean jartzeko eskatu dio.
Aresek, gaur egin duen prentsaurrekoan, nabarmendu du Cabacasen heriotza bere ibilbide politikoko "unerik zailenetako bat" izan zela. Baina gaineratu du gertaera hark, aldi berean, neurriak hartu eta aldaketak egiteko borondatea indartu ziola halakorik berriro gerta ez dadin. Alde horretatik, ikerketa "amaieraraino" helduko dela berretsi du, eta horretan diharduela, auzia ikertzen ari den epailearekin elkarlanean.