Koalizioak jakinarazi duenez, Iruñeko Udalak dio Harrotuk eta Kattalingunek zerbitzu berak eskaintzen dituztela, eta «bikoiztasuna» dagoela. Hori ikusirik, alderdiak jakinarazi du «Harroturen funtzioak aldatu edo murrizteko arriskua dela-eta» babesa adierazten diela Nafarroako LGTBIQ+ kolektiboei. Bi zerbitzuak «osagarriak» direla adierazi du EH Bildu Iruñeak, eta salatu du «etete horrek eredu integralaren galera» ekarriko lukeela.
Koalizioak uste du Navarra Sumaren «beste murrizketa bat» dela, eta Harrotuk erabiltzaileei eskaintzen dien «zerbitzu integralaren galera» eragingo lukeela horrek. Gainera, zerbitzuan lan egiten duten profesionalen lana «gutxietsiko» litzatekeela uste du, eta, horrela, aholkularitza soilik sexologikora eta juridikora «murriztuko» litzatekeela.
Bestalde, EH Bilduk eskatu du Nafarroako LGTBIQ+ kolektibo guztiek parte hartzeko prozesu bat irekitzea, haien ekarpenak eta beharrak kontuan hartzeko.
Navarra Sumaren «gardentasunik eza» salatu du koalizioak, eta uste du «ezinbestekoa» dela, besteak beste, Iruñeko Udalak Harrotu zentrorako aurreikusitako funtzioak eta ezaugarriak «argitzea».