Iruñeko alkatetza hartzeko babesen bila, bilera sorta egin du egunotan EH Bilduk, Joseba Asiron alkategaia buru. Joan den astean Ezkerrarekin eta Aranzadirekin batu zen koalizio abertzalea, eta atzo Geroa Bairekin. Hiru indarrek babesa adierazi diote Asironi, eta, beraz, alkatetza eskuratzeko hamalau botoak ziurtatu ditu alkategaiak "EH Bilduk eta Geroa Baik bosna dituzte, Aranzadik hiru eta Ezkerrak bakarra" Hala, kargua osatzeko «babes nahikoa» duela adierazi du Asironek. UPNk 10 zinegotzi eskuratu zituen, eta PSNk, hiru.
Atzoko bilkuran, aldaketa gauzatzeko babesa berretsi zuen Itziar Gomez Geroa Baiko zerrendaburuak, baina «gutxieneko baldintzak» jarri zizkion EH Bilduri: memoria, bakea eta bizikidetzaren alde lan egiteko konpromisoa eskatu zion Asironi, eta biktimen «bereziki, Iruñeko biktimak»" aitortzaren aldeko neurriak hartzeko galdegin zion. Era berean, «terrorismoa gaitzesteko edo giza eskubideen beste edozein urraketa gaitzesteko aurkezten diren egitasmo guztiei babes erabatekoa ematea» eskatu zuen Gomezek. Gainera, alkatetza «integratzailea» izan dadin nahi du Geroa Baik, «hiriko aniztasuna kontuan hartuko duena», bazterketarik eta sektarismorik gabekoa. Alde horretatik, «bizikidetza sustatzeko» eskatu zion Geroa Baik EH Bilduri.
Joseba Asironek, «erabat onargarritzat» jo zuen Geroa Baik eskatutako konpromiso sorta, «gardentasuna eta bizikidetzaren aldeko lana» dakarrelako. Gainera, bat etorri zen udal berriak izan beharreko ezaugarrietan: «Alkatetza integratzailea izan behar du, gizartearen sektore guztien parte hartzea bilatuko duena, eta gardentasunez lan egingo duena. Orain artekotik erabat desberdina izan behar du».
Udal gobernua osatzea izango da orain EH Bilduren erronka. Koalizioak gonbita egin die Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerrari, gobernuan parte har dezaten. Hiru indar horiek oinarrizko programaren arabera edo militanteen iritziaren arabera hartuko dute erabakia.