EAJk ez ezik, EH Bilduk ere aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigaia inbestidura saioan: Maddalen Iriarte. Koalizioak EAJri eta Elkarrekin Podemosi hiruko gobernu bat eratzeko eskaintza egin zien Eusko Legebiltzarrerako bozen kanpainan, baita ondoren ere, baina ikusi du EAJk aukera hori baztertutzat duela, eta hark ere, beraz, lehendakarigaia aurkeztea erabaki du.
Horretarako, atzo batzar bat egin zuen, Donostian, Miramongo teknologia parkean. Lehenik eta behin, lehendakarigairik aurkeztu ala ez erabakitzeko bozketa egin zuten. Kasik aho batez erabaki zuten baietz, aurkeztea. Ondoren, Jasone Agirre Bizkaiko zerrendaburuaren, Miren Larrion Arabakoaren eta Iriarte Gipuzkoakoaren artetik bat hautatzeko bozketa egin zuten. Iriarte aukeratu zuten —EH Bilduk ez zuen botoen berri eman—. «Oso hunkituta nago hainbeste jende prestaturen artean ni aukeratzeagatik», esan zuen Iriartek. «Azala utziko dut honetan ere, hemen [oholtza] atzean ditudan gizon-emakumeekin herri hau beste leku batera eramateko». Haren arabera, badirudi EAJ-PSE gobernu bat datorrela. Zaharkitutako formula bat dela uste du; «ez du ezer berririk eskaintzeko».
EH Bilduk 2012an Laura Mintegi aurkeztu zuen lehendakarigai, eta inbestiduran 21 boto jaso zituen; koalizioarenak denak. Legebiltzarrak Iñigo Urkullu EAJko ordezkaria aukeratu zuen Jaurlaritzako lehendakari, jeltzaleen 27 botoei esker. EH Bilduk orain 18 parlamentari ditu. EAJk berriro Urkullu aurkeztuko du —28 legebiltzarkide dauzkate—. Hilabete barru izan daiteke inbestidura.
Arnaldo Otegik EH Bilduren batzarrean adierazi zuen kaleko lana ere ezinbestekoa izango dela.
Politika
EH Bilduk Iriarte aurkeztuko du Jaurlaritzarako lehendakarigai
Agirre eta Larrion ziren koalizioaren beste bi hautagaiak. Iriartek uste du zaharkitutako formula bat litzatekeela EAJ-PSE gobernua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu