I+G+B edo Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako inbertsioa EAEko Barne Produktu Gordinaren %3koa izatea nahi du EH Bilduk. Halaxe aholkatzen du Europako Batasunaren Europa 2020 estrategiak —zehazki, %1 inbertsio publikoa, eta %2 sektore pribatuarena—. Eibarko Tekniker teknologia zentroan izan da koalizioko lehendakarigai Laura Mintegi, eta azaldu du «enpresa gutxi batzuen etekinak handitzeko» baino gehiago, «justizia sozialean, kohesioan eta garapen ekonomiko bidezkoan sakontzeko» erabiliko duela inbertsio hori.
Helburua inbertsio maila horretara heltzea izanik, lehen pauso gisa 2016rako I+G+Brako dirua BPGaren %2,5ekoa izatea nahi du EH Bilduk —%2 ingurukoa da gaur egun—. Inbertsioak, ordea, enplegua bultzatzeko, gazteei lan merkatuan sartzea errazteko eta osasuna, hezkuntza, energia eta halako sektoreak eraginkorrago bihurtzeko balio behar du, Mintegiren esanetan. Gainera, Mintegik uste du teknologia berrietan lehiatu behar dutela enpresek nazioartean, eta ez soldatetan: «Horrek baldintza okerragoetan uzten gaitu Txina eta Turkia bezalako herrien aldean».
Azken egunetan zabaldutako inkestei dagokienez, Mintegik argitu du nahiago duela urriaren 21eko emaitzak azaldu arte itxarotea, benetan herritarrek zer dioten jakiteko. Garrantzitsuena emaitza horiei leial izatea dela gaineratu du: «Herritarrekiko errespetu falta iruditzen zait haien borondatea modu interesatuan aldatzea».
EH Bilduk kohesio soziala indartzera eta enplegua sortzera bideratu nahi du I+G+B
Mintegik adierazi du 2016rako I+G+Brako inbertsioa BPGaren %2,5ekoa izatearen alde egingo duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu