Agerraldi bat egin dute EH Bilduko kide Maite Ubiriak eta Pello Urizarrek, iragartzeko auzitara eramango dutela koalizioaren proiektu politikoa, kargudunak edo kideak iraintzen dituen edo horiei buruzko "gezurrak" zabaltzen dituen oro: "Ez gaude prest eraso gehiago jasateko".
Koalizioak jakinarazi du talde juridikoa idazten ari dela La Razón egunkariaren kontrako auzi eskea. Astelehenean kazeta horrek argitaratutako tituluak EH Bilduren "pazientzia gainditu" duela azaldu dute, eta iragarri "koalizioa iraindu eta gezurra esaten dutenekin" izango duen jarrera aurrerantzean "bide judizialetik" bideratuko duela. Txio honetan dago azala:
Podria ser la portada del TMEO, pero no, es la portada de La Razon... #SuperandoseDiaADiapic.twitter.com/r5qoS4sw25
— PRAKAGORRI EH (@PRAKAGORRIEH) May 12, 2014
Ubiria eta Urizarren ustez, izenburu horien helburua da "euskal gizartearen normalizazioa oztopatzea" eta "duda sortzea koalizioak bere jarrera argi azaldu duen gaietan". Nolanahi ere, xede bat ere ez dutela lortzen gaineratu dute.
Azaldu dutenez, EH bilduk hiru urte daramatza "ekaitza igarotzeko" zain, baina ikusirik hala ez dela gertatzen ari, auzitara jotzea erabaki du: "Ulertzen dugu prentsa eta adierazpen askatasuna eta ikuspuntu ezberdinak daudela. Baina manipulazio era sotilagoen eta gezur nahiz irainen artean, gainditzeko prest ez gauden muga bat dago".