Irune Soto eta Joseba Geruzaga EH Bilduren Batzar Nagusietako bozeramaileek jakinarazi dute osoko zuzenketa aurkeztuko dutela. Haien arabera, aurrekontu proposamenarekin aldundiak ez du "interesik norabidea aldatzeko", eta aurtengo aurrekontuen ildo beretik doala iritzi diote.
Esan dutenez, proiektuak murrizketei eusten die, pobrezia "zabaltzea" ahalbidetzen du eta ez du enplegua sortzeko neurririk proposatzen, ezta "gehien dutenek gehiago emateko" neurririk ere.
Bien bitartean, Iñaki Egaña Bizkaiko PSEren bozeramaileak jakinarazi du 2015eko kontuak aurrera ateratzeko akordio batera heldu direla EAJrekin. 43 milioi euroren balioa duten "proiektu eta programa berriak" txertatuko dituzte; besteak beste, langabeziaren kontrako planak aipatu ditu Egañak. Unai Rementeriak, Bizkaiko Aldundiko bozeramaileak, adierazi du akordioa "ona" dela Bizkairako; uste du suspertze ekonomikoa eta enplegua sustatzea ekarriko dituela.