Herritarrentzat premiazkoak diren beharrei ez diete erantzuten Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuek, EH Bilduren ustez; are gehiago "oinarrizko esparruetan", hezkuntza eta osasun arloetan, "murrizketetan sakondu" egiten dute, eta, "lehentasuna administrazioak finantza erakundeekin dituen zorrak ordaintzea" izatea salatu du. Hori dela eta osoko zuzenketa jartzea erabaki du, ez delako euskal gizarteak behar duena. Marian Beitialarrangoitiak eman du azalpen horien berri. "Zaharkitua" dago haren ustez EAJk bultzatzen duen eredua, eta eredu horrek berak darama "euskal herritarrak gero eta pobreago eta eskubiderik gabe" bizitzera.
Espainiako Gobernuaren murrizketa politika jarraitu besterik ez dute egiten aurrekontuok, Beitialarrangoitiaren ustez, eta "txintik atera gabe" jarraitzen ditu merkatuen aginduak.
Euskal Herriak "aldaketa osoa" behar du "eredu berri baten zimenduak jartzeko, zutarri sendoekin. Sektore publikoaren gidaritzaren aldeko apustuan oinarritutako ekonomia" bultzatu behar dela uste du.
PSE-EEren babesa
PSE-EEk "abstentzio kritikoa" emango die aurrekontuei, baina Jaurlaritzarekin negoziatzen jarraituko du "baiezkoa" bilaka dadin aurrekontuen aldeko botoa. Atzo sozialistek aurreratutakoaren ildotik jo du Patxi Lopez idazkari nagusiak. Aurrekontuek "arrazoizko akordio maila" dute, eta horregatik baztertuko dute osoko zuzenketa aurkeztea. Hala ere, zuzenketa partzialen bidez "eskaera gehiago" egitea aztertzen ari dira.
Lopezek ohartarazi du Urkulluren gobernuak arazoak izan litzakeela defizitaren helburuak betetzeko, diru sarreren eta gastuen egungo garapenak jarraituz gero, eta horretan ere saiatuko da sozialisten asmoak islatzen.
PSE-EEren abstentzioa beharrezkoa du gobernuak, baina horrekin ez du nahikoa. EH Bildu (21 legebiltzarkide), PP (10) eta UPD (1) alderdien botoek EAJren 27 ordezkariak gaindituko lituzkete. Aurrekontuak bozkatzeko osoko bilkura abenduaren 20rako dago deituta.
Irailean bi alderdiek eginiko akordio ekonomiko eta fiskalak erraztu du elkar ulertzea, eta aurrekontuen egitasmoa akordio horrekin bat datorrela zabaldu dute PSE-EEko iturriek. Hala ere, zuzenketa partzialen negoziazioa bukatu arte itxarongo dute sozialistek botoa erabakitzeko. Zuzenketak jartzeko epea abenduaren 3an amaituko da.
PP, "negoziatzeko prest"
"Elkarrizketara irekia" dago PP, Iñaki Oiarzabal EAEko idazkari nagusiak esan duenez. "Jokaera kritikoa baina eraikitzailea" izaten jarraituko du. Defizitaren kontrolean, Aministrazioaren erreforman eta enpresei eman beharreko laguntzan eragin nahi du PPk, eta emendakinak prestatzen ari da "izaera tekniko, politiko eta ekonomikoa" dutenak. Departamentuka negoziatu nahi du, zuzenketa partzialak eginez.