POLITIKA

EH Bilduk planto egin du Eusko Legebiltzarrean, ekimen ugariri "betoa" jarri dietela salatzeko

'Hiriko' eta Cabacasen auziez koalizioak eskatutako agerraldiak oztopatu izana salatu du Dani Maeztuk. "Zentsura" kritikatu du.

EH Bilduko parlamentariak, Parlamentua uzten. RAUL BOGAJO, ARP
2013ko abenduaren 13a
15:10
Entzun

EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean dituen 21 ordezkariak osoko bilkuratik joan dira, koalizioak proposatutako ekimenei "zentsura politikoa" egiten dietelakoan. Dani Maeztu legebiltzarkideak salatu du koalizioak proposatutako eztabaidak galarazten ari direla beste alderdiak.

Bi gai gogorarazi ditu Maeztuk; Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren eta Jorge Aldekoa Ertzaintzako buru izendatu berriaren agerraldia eskatu zuen EH Bilduk, Iñigo Cabacasen auziaz azalpenak emateko. PSE-EEk eta EAJk "galarazi" zituzten agerraldiak.

Hiriko proiektuaren harira, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren agerraldia eskatu zuen EH Bilduk, eta "PPren babesarekin" agerraldi hori ez zen onartu, Maezturen esanetan.

Euskaltelen inguruan eztabaidatzen ari zirela egin du kexa Maeztuk, eta gai horretaz jarduteko eskatu dio Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak. Hala ez egitekotan, hitza kenduko diola ohartarazi dio. Hori horrela, legebiltzarretik joatea erabaki dute koalizioko ordezkariek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.