Nafarroako Gobernuari deia egin zion ostegunean PSNk: hondakinak kudeatzeko plan berria egiteko, eta errausketa desagerrarazteko plan horretatik. Gaiari buruzko akordio bat lortzekotan, PSNk baldintza hori jarriko duela esan zuen Samuel Caro PSNko eledunak.
EH Bilduk uste du berak ere defenditu izan dituenen antzeko oinarriak agertu dituela orain PSNk. Aldiz, PSE izan da EH Bilduk hondakinen kudeaketarako proposatu duen bidearen kontra "oldarkortasun handienetakoa" agertu duen alderdietako bat, koalizioaren esanetan.
Birziklapenaren aldeko apustua egitea, errausketa baztertzea eta teknologia berriek eskaintzen dituzten "aukera guztiak" aztertzea, hiru ildo horiek proposatu izan dituela azaldu du EH Bilduk. PSNk ideia horiekin bat egin duela uste du koalizioak. Bitartean, Gipuzkoan, oposizioko alderdiek "eztabaida dinamika gogor eta antzu bat" sortu dutela salatu du.
PSNren jarrera baliagarri izan liteke, EH Bilduren esanetan, "Gipuzkoan zero zabor helburu dueen errausketarik gabeko ildo komun edo akordio bat erdiesteko". Horregatik, PSEri eta gainerako alderdiei "koherenteak" izateko eskatu die, "eztabaida alderdikoia" baztertzeko, eta "ingurumenarentzat eta herritarrentzat egokien" izango liratekeen neurriak adosteko prestasuna agertzeko.