EH Bilduren ustez, "egia guztiak" hartu behar dira aintzat, eta Eusko Jaularitzak 128 udalei igorri dien Udal Erretratuen Mapak ez ditu guztiak jasotzen. "Akats eta hutsune larriak" sumatu dituzte, eta salatu dute ez dagoela jasota "bizitzaren eskubideen urraketen unibertso guztia". Lan desorekatua dela deritzo, "murriztailea".
Julen Arzuaga legebiltzarkideak eta Aitziber Ibaibarriaga Etxebarrieta Bilboko zinegotziak egin dute balorazio hori. Azken horrek zehaztu du bere osaba Txabi Etxebarrieta ez dela bertan ageri. "Bilbon inor gutxik ulertuko luke gatazka politikoaren lehenengo bi hildakoetako bat ez agertzea". Izan ere, egun berean hil zituzten Jose Pardines guardia zibila eta Etxebarrieta, baina lehena zerrendan agertzen da, eta ETAko militantea zena ez da bertan ageri, "erasotzailea omen zelako". EH Bilduren arabera, ordea, Etxebarrieta "exekuzio estrajudizial baten biktima" izan zen.
Beste asko ere zerrenda horretatik desagertzea erabaki dela salatu du EH Bilduk, eta, horrenbestez, ez dela egia osoa bilatzen. Biktimen gaia soseguz eta enpatiaz landu behar dela deritzo, eta adostasunak bilatu behar direla.
1960-2010 bitarteko erretratuak
Tokian tokiko oinazearen argazkia osatzea du xede Eusko Jaurlaritzak landutako Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri (1960-2010) izeneko txostenak. Txosten horietako datu basea "irekia" dela azaldu zien Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkariak irailean 114 alkaterekin eginiko bilkuran. Udalerri bakoitzaren ekarpenekin osatu eta "hobetu" daitekeen txostena dela esan zuen.
Bileran bertan hainbat alkatek Bake eta Bizikidetza idazkariari helarazi zioten zenbait biktima falta zirela banatutako txostenetan —hildako ETAko kideenak, bereziki—. "Elkarlanean" zerrendak osatuz joateko borondatea agertu zien Fernandezek.
Atxiloketak zerrendako bat omentzeagatik
1987ko uztailaren 27an Guardia Zibilak tiroz hil zuen Luzia Urigoitia da Udal Erretratuen Mapan ageri den izenetako bat. Hari omenaldia antolatzeagatik atxilotu zituzten joan den irailean Miren Soloeta, Asier Duran Nieto, Aitor Uribe eta Amaiur Lopez de Lacalle. "Terrorismoa goratzea" egotzita atxilotu zituzten.
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne Ministroak orduan esan zuen "biktimen umiliatze delitua ustez egin duten lau pertsona Justiziaren esku jartzea" zela atxiloketa haien arrazoia.