Gas ustiaketa

EH Bilduk salatu du Jaurlaritzak oraindik ez duela kendu Armentia II-n gasa esploratzeko errekurtsoa

Koalizio abertzaleak helegitea «bertan behera» uzteko eskatu dio gobernuari.

Subilla Gasteizeko Armentia II putzua. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
unai etxenausia
2021eko abuztuaren 26a
13:19
Entzun

Eusko Jaurlaritzak udaberrian berretsi zuen uko egingo ziola gasa ustiatzeari, baina, bost hilabeteren ondoren, oraindik ez du kendu Subilla Gasteizko Armentia II putzuari lotutako errekurtsoa, EH Bilduk jakinarazi duenez. Hala, koalizio abertzaleak helegitea «bertan behera» uzteko eskatu dio Iñigo Urkulluren gobernuari, eta iragarri du interpelazio bat aurkeztuko duela Eusko Legebiltzarrean, azalpenak eskatzeko.

Koalizioak eskatu du Jaurlaritzak Arabako eragile politiko, sozial eta sindikalen gehiengoaren iritzia «bere gain har dezala, behingoz». Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako kideek, Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak, Arabako ahaldun nagusiak eta Gasteizko alkateak gaiaren inguruan gizarteari helarazitako mezuak «kontraesanezkoak eta nahasgarriak» direla kritikatu du koalizioak. «Instituziook behingoz argitu behar dute zer egiteko prest dauden arlo honetan». Izan ere, EH Bilduren ustetan, irtenbide bakarra dago: hidrokarburoen «obsesioa» bertan behera uztea eta ahalik eta azkarren trantsizio energetiko «justu, planifikatu eta adostu» baten alde egitea behin betiko, lurraldea ahalik eta epe laburrenean deskarbonizatzeko; hori guztia 2050a baino lehen izatea nahi dute.

Gainera, Eguzki erakunde ekologista eta antinuklearrak gasaren ustiaketa uztea eta baimenak judizializatzeari uko egitea eskatu dio Jaurlaritzari, eta gehitu dute «arduragabekeria larria» egiten ari direla gasaren ustiapena sustatu eta ahalbidetzen. Erakundearentzat «ez da nahikoa» Eusko Jaurlaritzak esatea ez dela egongo gas ustiaketarik eta fracking putzurik.

SHESA

Mikel Otero legebiltzarkideak Jaurlaritzari eskatu dio Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hidrokarburoak kudeatzen dituen SHESA enpresari «baliabide publikoak bideratzen jarraitzeari uzteko», eta klima krisiaren garai honetan herrialdeak behar duen trantsizio energetikora bideratzeko baliabide horiek. Alde horretatik, SHESA «behingoz desegiteko» eskatu du: «Hidrokarburoak erauzteko garaia historiara pasatu behar da; EAJ bakarrik geratu da, eta ororen aurka eta guztion aurka aurrera egiten jarraitzen du. Hau amaitu dela onartu behar du». Eguzkiren iritziz, SHESA «desegin» egin behar da, edo eredu energetiko jasangarri baten alde egiten duen enpresa bat bihurtu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.