Ohartarazpena egin du gaur EH Bilduk, eta salatu Araban kontrolik gabe ugaritu direla zentral eolikoak eta fotovoltaikoak, plangintza eta adostasun faltaren ondorioz. Adierazi dute Arkamo, Iturrieta, Labraza, Azazeta eta Arlabanen proiektatu diren zentral eolikoez gain, «neurri handiko» zentral fotovoltaikoak proiektatzen ari direla orain. EH Bilduren arabera, Eusko Jaurlaritzaren «utzikeriak» eta plangintza eta adostasun ezak eragin dute «kaos eta anabasa hori». Ekimen bat erregistratu dute lurraldeko udal guztietan, «energia berriztagarriak modu antolatuan, planifikatuan eta deszentralizatuan zabaltzeko eta proiektu handi guztiak geldiarazteko».
Ruth Ibisate eta Arantza Arranze Arraia-Maeztu eta Arratxua-Ubarrundia udaletako bozeramaileek egin dute agerraldia, egoera azaltzeko. Salatu dute Solaria enpresak ehun hektarea laborantza lur okupatu nahi dituela eguzki plakak jartzeko. Jakinarazi dutenez, lur horren %75 nekazaritza eta abeltzaintza jardueretarako lur komunala da. «Zalantza asko sortzen zaizkigu egitasmo honen inguruan; eragin handia izango du, lehen sektorean aritzen diren bizimodua amaituko du, eta elikagaiak ekoizteko aukerak murriztuko ditu», azpimarratu du Arranzek.
Gaineratu dute proiektu horri beste batzuk gehituko zaizkiola, Gasteizko hegoaldean edo Agurain eta Iruraiz-Gauna artean. «Hori guztia Jaurlaritzak Iturrietako, Arkamoko, Azazetako, Arlabango edo Labrazako mendietan bultzatutako zentral eolikoak ahaztu gabe». Ibisatek eta Arranzek salatu dute enpresa pribatuek aukera ikusi dutela energia berriztagarriekin negozioa egiteko. «Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren erantzukizuna da arlo honetan esku hartzea eta klima aldaketaren aurkako borrokari modu ordenatu eta adostuan ekitea».
Horiek horrela, Jaurlaritzari eskatu diote bermatzeko energia berriztagarrien hedapena modu antolatuan eta planifikatuan egingo dela, «herritarren interesak errespetatuz eta lurraldeko ingurumen balioen zaintzarekin bat etorriz». Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren onartze prozesua albait azkarren bideratzeko ere galdegin dute, prozesuan kontsentsu politiko, sozial eta instituzionala bilatuta.
Nafarroan ere, eskaera
Nafarroan ere mozio bat erregistratu du EH Bilduk, Nafarroako Gobernuari eskatzeko behin-behinean geldiarazteko instalazio eolikoen eta fotovoltaikoen «makroproiektuak», benetako energia beharrak aztertu ahal izateko. Azaldu dutenez, asmoa da gobernuari galdegitea garapen berriztagarria behar bezala «arautzeko eta planifikatzeko».
Esan dute beharrezkoa dela inplikatutako «estamentu guztien eta herritarren artean eztabaida sozial zabala irekitzea».