Miren Larrion EH Bilduko Gasteizko hautagaia prest dago alkate postuari uko egiteko baldin eta horrela Javier Marotori alkatetza kentzea ahalbidetzen den. EH Bildu izan da PPren ostean bigarren alderdi bozkatuena, eta gaurtik aurrera elkarrizketak abiatuko dituzte oposizioko alderdiekin gobernu alternatiboa eratzeko xedez.
Iragarpen honen aurretik Javier Maroto PPko Gasteizko alkateak esan du espero duela EAJk eta PSEk ez dutela bat egingo "galtzaileen akordioarekin". EH Bilduk PPri alkatetza kentzeko eginiko proposamenaren harira esan du hori Marotok, Radio Euskadin goizean egin dioten elkarrizketan. Haren ustez, irabazlea kentzeko soilik batuko lirateke oposizioko alderdiak, "eta horrek ez du ekarpen handirik egiten". EAJk eta PSEk "sen onez" jokatuko dutela espero du Gasteizko alkateak.
Andoni Ortuzar EAJren EBBko buruak Onda Vascan esan duenez, ez dute ez baztertzen ez bultzatzen, Nafarroan egin asmo duten bezala, oposozioko alderdien arteko akordioa Gasteizen ere egitea. Hala ere, gobernu alternatiboa eratzeko "eragile ugari" beharko liratekeela esan du, eta "PSEk eta Podemosek jada esan dute ez dutela babestuko; ondorioz, egoera ahulean jartzen gaitu horrek".
Boto gehien jasotako zerrenda errespetatzearen alde daudela adierazi du Ortuzarrek. Eta, beraz, tokian-tokian gehien bozkatutako zerrendari dagokiola elkarrizketak abiatzea. "Ikusiko dugu Marotok nola erreakzionatzen duen, eta, umiltasunez, elkarrizketak abiatzen dituen. Hori egin ezean beste alderdiekin hasiko gara hizketan". Ortuzarren arabera, orain arte oso harro jokatu du Marotok.
Hasier Arraiz Sortuko presidentearentzat, "erabat legitimoa" litzateke gobernu alternatiba osatzea Gasteizen. Haren ustez, berez ongi dago gehien bozkatutako zerrenda errespetatzea, baina, Nafarroan egin asmo duten bezala, Gasteizen ere oposizioaren akordioa egin daitekeela deritzo. Horregatik, deitoratu egin du EAJk Nafarroan balekotzat ikusten duen akordioa Gasteizen ez babestea.
EAJ, guztiekin negoziatzeko prest
EAJk boto gehien jasotako zerrenda errespetatzen duela esatean akordioak erdiesteko elkarrizketak hastea zerrenda hari dagokiola esaten ari dela zehaztu du Ortuzarrek; "gero, bukaera ona eman behar zaie negoziazioei". Horregatik, tokian tokiko emaitzak zein erakundeen osaera aintzat hartu behar direla deritzo: "Ez deritzot konplexua erakunde bakoitzean negoziatzeari. Orain, marko koherente batean bildu behar dira guztiak".
PSErekin ez ezik PP eta EH Bildurekin ere akordioak egiteko prestutasuna dutela azpimaratu du Ortuzarrek.