Azken polizia operazioak Espainiako Gobernuaren jarrera zein den argi eta garbi utzi dutela aderazi du EH BIlduk: "Euskal Herria gatazkaren iraganeko egoera gogor eta bortitzak gainditu eta atzera uzteko ahaleginak areagotzen ari da, eta PPren gobernuak, aldiz, bere estrategian ito nahi du euskal gizartea".
Alta, EH Bilduren ustez, etorkizuna euskal gizartearen esku dago, eta bi jarrera horien aurrean oso kezkagarria iritzi diote Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluren isiltasunari: "Euskal herritarren eta euskal erakundeen oinarrizko eskubideak nabarmen urratzen ari dira, eta herritar guztien ordezkaria izan beharko lukeena, berriz, egunetan ezkutatuta egon da; ez da onargarria".
Koalizioak adierazi dio egoera honetan ez dagoela erdibiderik, eta "euskal bidea" aldarrikatu du: "Herritarron hitzaren eta borondatearen arabera, geure buruaren jabe izanda, independentziarako bidea eginez". Bide horretan, dei egin diote euskal gizarteari larunbateko Donostiako manifestazioan parte hartzera.