Udalak osatzeko bi egun eskas falta direla, argitu gabe jarraitzen du Araban eta, batez ere, Gasteizen nor izango den agintean. EH Bilduk asteazkenean egin zuen batzarra, eta bertan erabakitakoaren berri eman dute Kike Fernandez de Pinedo ahaldungai nagusiak eta Miren Larrion alkategaiak.
Koalizio subiranistak Gorka Urtaran EAJko hautagaiari emango dizkio botoak Gasteizko alkate izan dadin. Horretarako, ordea, EAJk erabaki behar du Urtaranek bere hautagaitza aurkeztuko duen, eta hori da oraindik zalantza nagusia. Hala egiten ez badu, EH Bilduk bere hautagaiari emango dio babesa; alegia, Larrioni. Jeltzaleek iragarri dute ez dutela Larrion babestuko.
Une honetan EAJk hiru aukera ditu: @miren_larrion alkate, @gorka__urtaran aurkeztu eta gure bozkekin alkate edota @JavierMaroto mantentzea
— Miren Larrion (@miren_larrion) June 11, 2015
Maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeetan, hamar zinegotzi eskuratu zituen PPk Gasteizko Udalean. Lehen indarra izan zen, eta EH Bildu izan zen bigarren indar bozkatuena, sei zinegotzi lortuz. Bost zinegotzi erdietsita, hirugarren indarra da EAJ.
Irabazi-k, Ezker Anitza eta Equok osatzen duten koalizioak, iragarri du EH Bildu babestuko lukeela Gasteizko Udalean. Alderdiak zinegotzi bat lortu zuen joan den maiatzeko hauteskundeetan.
Biltzar Nagusietan ere argitzeke
Roberto Uriarte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak azaldu du Arabako Biltzar Nagusietan ez lukeela EH Bilduren hautagaitza babestuko, aurretik koalizio subiranistak ez badu "sakoneko aldaketarik" egiten normalizazio eta bakegintza alorretan eta "identitate, kultura eta hizkuntza politiketan".
Araban, EAJk hamahiru biltzarkide eskuratu zituen maiatzaren 24ko foru hauteskundeetan. PPk hamabi lortu zituen, eta 11 EH Bilduk. Ahal Dugu-k, berriz, zortzi, eta PSEk bost. Irabazik eta Ciudadanosek ordezkari bana erdietsi zuten. Zenbakiak horiek direla, EH Bildu-Ahal Dugu-Irabazi balizko akordio batek hogei biltzarkide lituzke; EAJ-PSE baturak baino bi gehiago. Hori horrela, EAJk EH Bilduri eskatu zion argi dezala akordio hori bilatzeko asmoa duen Araban.