eusko legebiltzarrerako hauteskundeak

EH Bilduk uztailean jakinaraziko ditu hautagaiak eta edukiak

Rufi Etxeberriak esan du koalizioaren helburua Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak irabaztea dela, "lidergo berri bat behar delako". Prest leudeke EAJrekin elkarlanean aritzeko, baina "paradigma" berri bat eskatu dio. 

2012ko ekainaren 29a
15:31
Entzun

Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideak jakinarazi du Euskal Herria Bilduk "denbora gutxi barru" esango duela zein izango diren bere hautagaiak eta edukiak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako. Zehaztu du uztailean jakingo dela hori guztia.

Koalizioko kideek EH Bilduren lehendakarigaia nor izango den "kasik erabakia" dutela esan du, gaur Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan, baina ez du zehaztapenik eman. "Laster jakingo da. Ez dira aste asko pasatuko".

Bozetarako xedea garbi dutela adierazi du: lehen indarra izatea. ”EH Bilduren helburua hauteskunde hauek irabaztea da. Lidergo berri bat behar da”. Bozen ondotik koalizioa prest legoke EAJrekin elkarlanean aritzeko, Etxeberriaren arabera, baina ohartarazi du jeltzaleek "paradigma berri bat" behar dutela eta azken 35 urteetan egin duten politikak ez duela gaur egun balio.

Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeak 2009ko martxoaren 1ean izan ziren. Berez, 2013ko otsailean edo martxoan izango dira, baina litekeena da aurreratzea, Patxi Lopezen (PSE-EE) gobernua legebiltzarrean gutxiengoan geratu baita PPrekin lankidetza hautsi ostean.

Ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak osatzen dute EH Bildu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.