EH Bilduko alkateek elkarlana eta gardentasuna eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzari

Pandemiaren aurkako kudeaketan «bakarrik» sentitu direla salatu dute; beharrezko baliabiderik eta informaziorik gabe.

Xabier Alavarez de Arcaya, Adur Ezenarro eta Itziar Biguri EH Bilduko alkateak gaur Donostian egin duten agerraldian.. JUAN CARLOS RUIZ/ FOKU
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko uztailaren 22a
13:04
Entzun

COVID-19ak eragin duen pandemiaren aurkako kudeaketan Eusko Jaurlaritzak udalerriak ez dituela aintzat hartu adierazi du Adur Ezenarro Ordiziako (Gipuzkoa) alkateak gaur goizean EH Bilduko hainbat alkatek egin duten agerraldian. Ezenarrorekin batera izan dira Xabier Alvarez de Arcaya, Urkabustaizko (Araba) alkatea, eta Itziar Biguri, Urduñako (Bizkaia) alkatea, EH Bilduk gobernatzen dituen udalerrietan koronabirusaren harira egin duten hausnarketen berri emateko.

«Auzolanean» eta «gardentasunez» aritzeko garaia dela adierazi du Ezenarrok, baina Eusko Jaurlaritzak «abandonaturik» sentitu direla salatu du: «Gu lanean ari gara gure udaletan, erantzukizunez, dagozkigun eskumenak baliatzen, baina bakardadean ari garen sentipena dugu». Jaurlaritzari udalengan konfiantza gehiago izan dezan eskatu diote alkateek.

Era berean, Jaurlaritzaren informazioa falta izan dela adierazi dute. Alkateek azaldu dute komunikabideen bitartez jaso dutela haien udalerrietan izan duten egoeraren berri, eta baita Jaurlaritzak hartu dituen hainbat neurriren berri ere.

Hain zuzen ere, Ezenarrok gaitzetsi du udalerrietan eragin zuzena duten hainbat erabaki udalekin kontrastatu gabe hartu izana , eta gehitu du «aldebakartasunez» egoerari aurre egitea ezinezkoa dela: «Gure iritziak, irizpideak, baina batez ere baliabideak kontuan hartu gabe erabakiak hartzea ez da eraginkorra». 

Izan ere, larunbatean, udalekuak bertan behera uzteko eta eguneko zentroak ixteko agindua eman zuen Jaurlaritzako Osasun Sailak, «modu nahasgarrian», alkateen iritziz. Horren harira, hainbat gogoeta plazaratu dituzte koalizioko alkateek. Eguneko zentroak premiaz irekitzeko beharra nabarmendu du Ezenarrok, tokiko errealitate immunologikora egokituta, betiere, eta zentroetako baldintza materialak eta profesionalak hobetuta. Haurren zaintzarako neurriak ere «ezinbestean» aktibatzea eskatu du, eta «plangintza integral bat» martxan jartzea, tokian tokiko beharrei egokitua eta haurren eta hezitzaileen osasun bermeak kontuan hartuko dituena.

Aztarnarien falta

Udazkenean etor litekeenarekin kezkatuta agertu dira alkateak. Ezenarrok adierazi du elkarlanean aritu ezean egoera are zailago bati aurre egitea «ezinezkoa» izango dela. Ordiziako alkatearen ustetan, positiboak atzematen direnean hasten da benetako kudeaketa, eta orduan beharrezkoak dira udalak, «herritarrengandik hurbilen» dauden erakundeak direlako.

Aztarnarien lantaldeak indartzeko ere galdegin diote alkateek Jaurlaritzari. Nekane Murga Osasun sailburuak jakinarazi du asteon 180 aztarnari ari direla lanean kutsatuak egon daitezkeen kontaktuak atzematen, baina EH Bilduren ustez «ez dira nahikoak»: «Ezinbestekoa da premiaz gutxienez 70 aztarnari gehiago kontratatzea, eta udazkenari begira kopurua are gehiago igotzea».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.