Koronabirusa

EH Bilduko alkateek eraikin publikoak eskaini dizkiote Osakidetzari, txertaketarako

EH Bilduko alkateen xedea da euskal herritarrek txertoa beren udalerri edo eskualdeetatik ahalik eta gertuen hartuko dutela bermatzea, eta txertaketa kanpaina «arina, eraginkorra eta segurua» izatea.

Xabier Lertxundi eta Maite Ibarra. EH BILDU
Edurne Begiristain.
2021eko martxoaren 15a
12:25
Entzun

Xabier Lertxundi Hernaniko (Gipuzkoa) alkateak eta Maite Ibarra Arrigorriagakoak (Bizkaia) agerraldi bat egin dute gaur goizean, txertaketa kanpainari lotutako proposamen bat aurkezteko EH Bilduko alkateen izenean. Jakinarazi dutenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako EH Bilduko alkateek Osakidetzaren esku jarriko dituzte euren udalerrietako eraikin publiko guztiak txertaketa kanpainan erabiltzeko. «EH Bilduko alkateok Osakidetzaren esku jartzen ditugu gure zerbitzu publikoak, euskal herritarrek beren udalerri edo eskualdeetatik ahalik eta gertuen txertoa jaso dezaten bermatzeko, ahal den neurrian pertsonen mugikortasuna saihesteko, eta txertaketa kanpaina ahalik eta arinena, eraginkorrena eta seguruena izan dadin». Lertxundik eta Ibarrak jakinarazi dutenez, joan den ostiralean EH Bilduk gobernatzen dituen hainbat udaletako alkateek eskaintza horren berri eman zioten Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari.

Agerraldian azpimarratu dute «kezkatuta» daudela txertaketa prozesuaren erritmo motelarekin eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak txertaketarako ezarritako irizpideekin. Hori horrela, eta ikusita txertaketa gune handiak zabaldu direla, EH Bilduko alkateek erabaki dute euren «ekarpena» egitea: «Zailtasun egoeratan denok jarri behar dugu onena gizartearen mesedetan». Osakidetzari egindako proposamenaren xedea da herrialdean dauden baliabide publiko guztiak txertaketarako erabilgarri egitea, txertaketa «ahalik eta azkarrena eta eraginkorrena» izan dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.