EH Bilduren “oinarriek” ez dituzte “berretsiko” Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendetako kideak irailaren 25ean egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako. Uztailaren 9an jakinarazi zuen horrela egingo zuela, komunikabideetara igorritako ohar batean; baina, egunotan, herrietako bilguneetara bidalitako zirkular baten bidez jakinarazi du prozesu hori bertan behera utzi duela. EH Bilduren Mahai Politiko Nazionalak hartu du erabakia.
El Diario Vasco egunkariak gaurko papereko edizioan eman du horren berri, eta gaur eskuratu du zirkularra BERRIAk.
Horren arabera, herrialde bakoitzeko Mahai Politikoak zerrenda bana proposatuko du, eta Nazionalak berretsiko ditu hirurak. Oinarrien iritzirik ez dute jasoko, beraz. Zirkularrak dioenez, herrialdeetako zuzendaritzek orain arte norbanakoen eta herrietatik jasotako izen proposamenak “kontuan hartuko” dituzte zerrendak osatzeko orduan. Ondoren, abuztuaren 16an, Mahai Politiko Nazionalak berretsiko luke zerrenda hori, “ondo baderitzo”.
Egutegi estua
Epe kontuak argudiatu ditu EH Bilduren zuzendaritzak prozesu parte hartzailea bertan behera uzteko. Abuztuaren 17 eta 22aren artean zerrendak aurkeztu behar dira, eta, ondorioz, 16rako herrialdeetako zerrendek erabakita egon behar dute. “Udan, gutxieneko parte hartze duin bat bermatzerik ez dugu, herri eta herrialde batzarrak antolatzea eta deitzea oso zaila baita”.
EH Bilduren Mahai Nazionalak azaldu du ezohikoa dela egoera —“abuztuko opor atarian erkidegoko hauteskunde batzuetara deitzea, alegia”—, eta horregatik hartu behar izan duela “salbuespeneko” erabakia. “Badakizuenez, Iñigo Urkulluk EAEko hauteskundeak irailaren 25era aurreratu ditu. Horrek, tamalez eta ezinbestean, zerrendak osatzeko aurreikusita geneukan prozeduran erabateko aldaketak ekartzen ditu. Inondik inora aurreikusita ez zegoen iragarkiak hankaz gora jarri du gure prozedura guztia”.
Uztailaren 9an komunikabideetara igorritako ohar batean azaldu zuen prozesu parte hartzailea “udako hilabeteetan” gauzatuko zuela.
Zerrendaburuak bai
Dagoeneko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendaburuak aukeratu dituzte EH Bildun, hasieran ezarritako prozedura erabiliz; oinarriek berretsita. Miren Larrion izango da Arabako lehena, Jasone Agirre Bizkaikoa eta Arnaldo Otegi Gipuzkoakoa. Espainiako Gobernuko abokaturen eta fiskaltzaren iturriak aipatuz, zenbait komunikabidek zabaldu dute Otegiren hautagaitzaren aurkako helegitea jartzeko asmoa daukatela bi instituzio horiek, Bateragune auziko epaian jasotzen den “inhabilitazio” zigorraren interpretazio zurrun bat eginez.