Eusko Legebiltzarra Arnaldo Otegi eta Rafa Diez Bateragune auziko presoak kartzelatik ateratzearen alde ager dadila eskatu du EH Bilduk, legez besteko proposamena aurkeztuta. Julen Arzuagak egin du eskaera, Otegik eta Diezek “kalean lan egin dezaten bakearen alde”. Larunbateko manifestazioan parte hartzera deitu du, halaber.
"Euskal Herrian, Espainiako Estatuan eta Europan injustizia sentsazioa gero eta handiagoa da”, EH Bilduren ustez. Arzuagak gogorarazi duenez, “alor politikotik, nazionaletik zein nazioartekotik, gero eta ahots gehiago entzuten ari dira eskubide zibil eta politikoen egikaritzan dauden preso hauen egoera salatzeko. Guk ekarpen positibo eta eraikitzailea eskatzen diegu alde guztiei injustizia hori eteteko".