Apirilaren 9an hiru urte beteko dira Ertzaintzak jaurtitako pilotakada baten ondorioz Iñigo Cabacas hil zela, eta, urteurrenaren harira, etzi omenaldi bat egingo diote Bilboko udaletxeko Arabiar aretoan. Bada, Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko bozeramailearen arabera, "hiru urte berandu" dator etziko ekitaldia. Hala ere, espero du omenaldiak balio izatea "gertatutakoa argitzeko, arduradun guztien izenak ahalik eta lasterren mahai gainean jartzeko eta polizia ereduaren inguruan eztabaida sakona irekitzeko".
Cabacasen familiak udalaren eta beste instituzioen aldetik jasotako "tratu eskasa" gaitzetsi du Ibaibarriagak, eta gogora ekarri du EAJ, PP eta PSOEk 2012ko apirilean sinatutako adierazpen instituzionala. Adierazpen horrek kirolaren inguruan dagoen bortizkeriaren barruan kokatzen zuen Cabacasen heriotza.
Ibaibarriagak beste alderdiei eskatu die adierazpen instituzional "lotsagarri" hura baztertzeko: “Hau egingo ez balute, etziko ekitaldia udal hauteskundeei begirako aurpegi garbiketa hutsa baino ez litzateke izango”.
EH Bilduren zinegotziek Iñigo Justizia lelodun kamisetak eramango dituzte omenaldira.