EH Bilduren Mahai Politikoak zortzi puntuko adierazpen politikoa plazaratu du asteleheneroko bileraren ostean, Igor Gonzalez Sola euskal presoaren heriotzaren harira eta «egoeraren larritasuna» aintzat hartuta. Agirian, «espetxe politika kriminal horri eutsi, justifikatu eta babestu» egiten dutenen bizkar jarri dute Gonzalez Solaren eta 2011tik hil diren beste bost presoen heriotzaren erantzukizuna. «Horren inguruan batzuek duten isiltasuna oso adierazgarria da giza eskubideen aldeko diskurtsoan duten zintzotasunari buruz», esan dute Arnaldo Otegik eta Mertxe Aizpuruak.
EH Bilduk azaldu du «ohituta» daudela «ETA erakundearen indarkeriari buruzko jarreraren inguruan etengabe seinalatuak izatera», baina ETA desegindako erakundea dela, armak erabiltzeari aspaldian uko egin ziona. «Noiz hitz egin ahal izango dugu iraganean [Espainiako] Estatuak gure Euskal Herri zaharrean erabilitako indarkeriaz? Noiz egingo dio uko Estatuak 78ko eredu konstituzional zahar, zaharkitu eta ustela indarkeriaren eta hertsapenaren bidez inposatzeari?», galdetu dute.
EH Bilduren aburuz, Espainiako Estatuaren indarkeria «sobran» dago, eta «traba» egiten du «bizikidetza eraikitzeko». «Euskal Herrian elkarbizitza eraikitzeak euskal preso, deportatu eta errefuxiatu politiko guztiak Euskal Herrira bizirik itzultzea ere eskatzen du», erantsi dute, eta iragarri dute hainbat ekinbide aurkeztuko dituztela erakunde guztietan, udaletatik hasi eta Europako Parlamenturaino; Espainiako Senatuan galdera egingo diote Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari horren inguruan.