Gara egunkariak gaur aurreratu duena egiaztatu du eguerdian Nekane Erauskin EHAK-ko legebiltzarkideak: bere alderdiak bihar Eusko Legebiltzarrean herri galdeketarako lege proposamena onartzea ahalbidetuko du. Horretarako, ordea, EHAK-k aldeko boto bakarra emango du, galdeketari "bide" emateko, eta taldeko beste zortzi legebiltzarkideak abstenitu egingo dira.
Beraz, eta aurreikuspenen arabera, nahikoa izango da aldeko boto bakar hori lege proposamena onartzeko. Izan ere, EAJ, EA, EB eta Aralar Eusko Jaurlaritzaren ekimenaren alde agertuak dira, lau horien artean 33 legebiltzarkide dituzte, PSE-EEk eta PPk ere 33 dauzkate -horiek kontra daude-, eta gehiengo sinplea nahikoa izango da bihar proposamenak aurrera irteteko. EHAKren boto hori erabakigarria izango da, ondorioz.
Espainiako Konstituzioaren "muga agerian" utzi nahi du EHAK-k, Erauskinek gaur esan duenez. Izan ere, galdeketa "Espainiak galaraziko" duela dio. "EAJk hori onartu" egingo duela ere esan du ezker abertzaleko taldeak. EAJ "erregionalista" dela salatu du, eta EAEko Estatutua "agortuta" dagoela eta ez duela balio gatazka politikoa gainditzeko. Euskal Herriak, "alternatiba bakar" gisa, "marko demokratikoa" behar duela iritzi dio EHAK-k, erabaki eskubidearen eta lurraldetasunaren bidez bakea eta normalizazio politikoa lortzeko.
2004an Sozialista Abertzaleak taldeak Ibarretxe Plana-ren alde egin zuenean -botoen erdiak emanda-, Jaurlaritzako lehendakariak gero Espainiako Kongresuan ezezkoa jaso ondoren "EAJk plana behin betiko kaxoian sartu" zuela gogoratu du Erauskinek, eta oraingoan ere hori gerta daitekeela. Gauzak horrela, EAJ eta PSOE "beste iruzur bat" prestatzen ari direla kritikatu du, 1979an egin zuten bezala, EAEko Estatutua onartu zutenean. "Estatutua erreformatu nahi dute, baina euskal jendarteak nekez onartuko luke 30 urte beranduago iruzur politiko berri bat egitea".
Politika
EHAK-k herri galdeketarako lege proposamena onartzea ahalbidetuko du bihar, aldeko boto bat emanda
Taldeko beste zortzi legebiltzarkideak abstenitu egingo direla jakinarazi du gaur eguerdian Nekane Erauskinek. Proposamena onartzeko nahikoa izango da gehiengo sinplea. Galdeketa "Espainiak galaraziko" duela dio EHAK-k eta "EAJk hori onartuko" duela. Espainiako Konstituzioaren "muga agerian" utzi nahi du ezker abertzaleko taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu