Oihana Elduaien
EHAK eta EAE-ANV alderdiak legezkoak diren edo ez erabakitzeko auzi saioak egingo ditu gaurtik eta bihartikaurrera Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko sala bereziak. Fiskaltzaren eta Estatuaren Abokatuaren esanetan, ETAren eta Batasunaren aginduetara daude bi alderdi horiek eta, beraz, haien jarduera legez kanporatu egin beharko litzateke. Hala, Espainiako Alderdien Legea eskuan hartuta, bi alderdi horiek legez kanpo utzi edo ez erabaki beharko dute, praktikan jarduera politikoan aritzea debekatuta duten arren.
Bi alderdiek orain duten debekua Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzonek jarri zien, zigor bidetik. Praktikan ondorio bera duten arren, Gorenaren prozedura bide zibilekoa da. Une honetan bi bideak abian dira ANVren eta EHAKren aurka; Garzonena eta 61eko sala bereziarena. Alderdietako kideek zigor kodea bete duten epaitzen du Garzonek, eta bi alderdiek Alderdien Legea urratzen duten edo ez Gorenak. Garzonek EHAKren eta ANVren jarduera debekatzea erabaki zuen egunean bi alderdi horiei Espainiako Gorteetako Bozetara aurkeztea galaraztea erabaki zuen 61eko salak, behin-behineko neurri gisa. Orain, alderdien jarduera behin betiko legez kanpo utzi edo ez erabaki behar du. Ez dute alderdietako kideen jarduera epaituko eta ezta inor auzipetuko ere, hori bide penaletik bakarrik egin baitaiteke.
Gaur arratsaldean abiatu dira EHAKren kontrako auzi saioak, eta bihar ANVren kontrakoak. Bi alderdiek Batasunaren jarraipena egin dutela uste dute Estatuaren Abokatuak eta Fiskaltzak.
Polizia txostenak eta beste
Estatuaren Abokatuak EHAKren kontra egindako idatzian dio, Juan Joxe Petrikorena Batasuneko Komunikazio arduradunak ematen zizkiola EHAKren legebiltzar taldeari aginduak, eta "buruzagi gorena" bera zela. Fiskalak emandako argudioak ere bere egin zituen Estatu Abokatuak. Besteak beste, esan zuen EHAK ordaintzen ziela Batasuneko zenbait buruzagiri, eta EHAK-k Usurbilen (Gipuzkoa) duen egoitza alderdi horretako buruzagi batzuek erabiltzen zutela. Hori frogatzeko polizia txostenak eramango dituzte, batik bat, akusazioek. Txostenak egin dituzten poliziek ere deklaratuko dute, eta telefonoko elkarrizketak entzun eta posta elektronikoa irakurriko dute.
Fiskalaren eta Estatuaren Abokatuaren tesia ez dela egiazkoa frogatzen saiatuko da defentsa. Horretarako, besteak beste, Gizarte Segurantzako agiriak, Batasunaren eta Euskal Herritarrok-en estatutuak eta Gara egunkariak martxoaren 6an eta 7an argitaratutako aleak aurkeztu ditu froga gisa.
ANVren kasuan, "Batasunaren diskurtso klasikoa" bere egin duela, eta "baliabide guztiak" Batasunaren esku utzi dituela frogatzen saiatuko dira Fiskaltza eta Estatu Abokatua. Baliabide horien artean diru kutxa bateratua dagoela diote. ANVk Batasunaren diskurtsoa bere egin duela argudiatzeko alderdi horrek ETAren atentatuak ez dituela gaitzetsi argudiatu du Fiskaltzak, eta alderdi horrek AHTren kontrako jarrera "aktiboa" erakutsi izana ere frogatzat dauka.
Garzonen autoak frogatzat
Akusazioak frogatzeko, Garzonek ANVko Kepa Bereziartua, Alazne Arozena eta Antxon Gomez inputatzeko kaleratu zuen autoa, ANVren jarduera etetea agintzeko kaleratutakoa, Marian Beitialarrangoitia "terrorismoa goratzea" egotzita inputatu zuena eta Ino Galparsoro Arrasateko alkatea espetxeratzeko aginduz kaleratutako autoa aurkeztuko dituzte, besteak beste. Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren txostenak ere eramango dituzte froga gisa, eta haiek egiteaz arduratu ziren agenteek deklaratuko dute, peritu gisa.
Haien tesiak ez duela oinarririk frogatzen saiatuko da Iñigo Iruin defentsa abokatua. Horretarako, ANVren diru kontuak, Igor Porturen zein Mattin Sarasolaren tortura salaketak eta AHTrekin loturiko froga dokumentalak aurkeztuko ditu, besteen artean. Baita Derioko (Bizkaia) ANVk ETAren atentatu bat gaitzetsiz kaleratutako oharra ere. Horretaz gain lekuko gisa deklaratuko dute Antxon Gomezek eta beste 14 lagunek.
Aldeek froga dokumentalak eta perizialak aurkeztutakoan eta lekukoek deklaratutakoan amaituko dira saioak. Frogen epea amaituta, 20 eguneko epea izango du alde bakoitzak ondorioak aurkezteko eta, horren ostean, beste 20 eguneko epea izango du 61eko sala bereziak azken erabakia hartzeko.
EHAK legez kanpo utzi edo ez erabakitzeko auzi saioak gaur hasi dira Espainiako Auzitegi Gorenean
Bihar ekingo diete EAE-ANVri buruzko saioei, gauza bererako, Espainiako Alderdien Legea eskuan hartuta. Praktikan, politikan aritzea debekatua dute dagoeneko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu