EHEk Bilboko Udalari eskatu dio euskararen udal ordenantza egiteko

Dozenaka herritarrek protesta egin dute, eta udalaren hizkuntza politikak gaitzetsi dituzte.

Euskal Herrian Euskaraz-en protesta, gaur, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Euskal Herrian Euskaraz-en protesta, gaur, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko apirilaren 24a
20:56
Entzun

Bilbok euskararen inguruko udal ordenantzarik ez duela-eta, dozenaka herritarrek protesta egin dute gaur arratsaldean hori eskatzeko, EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek antolatuta. Eragile euskaltzale hori asteon egiten ari den Harrotze Astea ekinaldiaren barruan egin dute elkarretaratzea. Euskara errespetatuko duten hizkuntza politikak egitea exijitu dute: «Euskaldunok ez dugu bigarren mailako herritar izaten jarraitu nahi, eta gure eskubideak errespeta daitezela eskatzen dugu, hizkuntza politiketan dagozkion neurriak hartuz. Bilboko eta nazio mailako euskalgintzaren aspaldiko aldarrikapena izan da lege babes handiagoa izatea eta hiriaren hizkuntza irizpideak arautuko lituzkeen euskararen udal ordenantza egitea».

Hain zuzen, uste dute Bilbok ere behar duela euskararen udal ordenantza, eta, horrekin batera, orain arte udala egiten ari den hizkuntza politikak gaitzetsi dituzte: «Euskaldunontzat eta euskararentzat bizigarria ez den hiria ari dira eraikitzen, non aginte makila gaztelaniaren eta hizkuntza globalen akuilu den eta euskarari zein euskaldunoi mugak jartzeko erabiltzen den; hori da darabilten hizkuntz politika». Jauzi baten beharra nabaritu dute: «Euskararen erabilera ez aurrera ez atzera dago, eta jauzi baten beharra gero eta nabarmenagoa da. Jauzia ez da erabilera eta kontzientzia linguistikoa sustatzetik bakarrik etorriko; horrez gain, instituzio publikoetatik euskararen auzia erdigunean jarri eta hizkuntza politika sendoak planteatu beharko dira».

Eta horregatik antolatu dute gaurko protesta: «Euskaldunak aspertu gara beti adeitsuak eta atseginak izateaz, aspertu gara isilpean pasatu behar izateaz, eta aspertu gara mespretxatuak izateaz. Harrotasunez eta tinko eutsiko diogu geureari, euskarari!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.