Aurtengo Euskaraz Bizi Egunaren bitartez, euskaldun izatearen harrotasuna erakutsi, eta espaloitik jaitsi gabe, euskaraz bizitzeko hautua egiteko deia egin diete herritarrei. Euskaraz bizitzearen aldeko hautuari "behar duen bultzada" emateko eguna izango da, EHEko antolatzaileek gaur goizean azaldu dutenez.
Euskaraz bizitzeko "herri gogoa indartzea" lehentasun gisa aipatu dute. Gainera, uste dute herriak burujabe izan behar duela, baita euskaldunak ere: "Bakoitzak beretik eta komunitate moduan bultza eginez, iraultzarako garaia da orain datorkiguna".
Euskarak politikak behar dituela ere aldarrikatu dute; euskarari lehentasuna emango dioten politikak eskatu dituzte, hain justu.
Leloaren atzean dagoen mezua gizarteari zabaldu eta ulertarazteko euskarrien berri emango dute hurrengo egunetan. Egitaraua ere oraindik aurkeztu gabe dute. Hala ere, aurreratu dute herri eragileekin auzolanetik sortutakoa eta zabala izango dela. Ez dira faltako dantzaldi, kontzertu, haurren txoko, kale animazio eta abarrak.