euskara

EHEk ekintza bat egin du Euskarabidearen egoitzan

Nafarroako Gobernuak "hizkuntza politika menderatzailea" daramala salatu du EHEk, eta Euskararen Legea "errotik" aldatzeko eskatu du.

2011ko azaroaren 24a
15:43
Entzun

Euskal Herrian Euskarazek (EHE) Euskarabidea Nafarroako Euskararen Institutuaren egoitzan ekintza bat egin du gaur, Iruñean, gobernuak "hizkuntza politika menderatzailea" daramalako. "Iruzurra" ere leporatu dio. Ekintzaile talde bat Euskarabidearen egoitzan sartu da eta, hormak Euskarabidea itxita lelodun itsasgarriz josi ostean, katez itxi ditu sarrera eta irteeretako ateak. Bitartean, eskuorri andana jaurti dituzte eraikin barruan. Ez da istilurik sortu.

Nafarroako Euskararen Legea txarretsi du EHEk, legearen 25. urtemuga arbuiatzeko kanpainaren baitan. Guztira hogei elkarretaratze inguru egingo  ditu herrialdean, Euskaraz bizi nahi dugulako, hizkuntza politika burujabea! lelopean.

"Mende laurdena betetzear den legeak ekarri du zonifikazioaren bitartez Nafarroa Garaiko euskaldunon eskubideen zatikatzea, lege hau da euskararen normalizazioa saihestea helburu duena, hau da bertako euskalgintza ekonomikoki itotzea bilatzen duena... Lege hau da euskara eta euskaldunok norbere herrian enegarren mailara baztertuak izatera kondenatzen gaituen zapalkuntza eta asimilazio tresna", dio EHEk.

Arauak "aldaketa osoa" behar duela aldarrikatu du; "erroko aldaketa". "Euskarak lehentasuna behar du bere herrian, biziraungo badu, eta lehentasuna ofizialtasunaren eta kanpo esku hartzerik gabeko hizkuntza politika burujabearen bidetik baino ez da etorriko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.