EHE Euskal Herrian Euskaraz elkarteak prentsaurrekoa egin du gaur goizean Durangon (Bizkaia), eta manifestazio deialdiaren berri eman du. «Euskararen errepublika independentea» aldarrikatzeko mobilizazioa izango dela jakinarazi dute: abenduaren 6an egingo da, Durangoko (Bizkaia) Landako gunetik abiatuta, 17:30ean hasita. «Euskaldunon hizkuntza eskubideen defentsan, euskararen aurkako erasoei aurre egiteko, eta, Euskal Herri euskaldunaren aldeko aldarria egiteko» helburuei helduta deitu dute manifestazioa.
Gaurko prentsaurrekoan ohartarazi dute euskararen normalizazio prozesuak azkenaldian «mehatxuz eta erronkez betetako garaiak» bizi dituela. «Mota guztiko aldaketa sakon eta azkarrak gertatzen ari dira (politikoak, sozialak, teknologikoak, ekonomikoak), euskaldunon hiztun komunitatea berregituratzeko prozesuari bete-betean eragiten diotenak. Helburu dugun Euskal Herri euskalduna eraikitzea kolokan jartzen duten aldaketak, hain zuzen ere». EHEk gogoratu du Espainiako eta Frantziako estatuen «jazarpen linguizidak» XX. mendean euskara ia desagertzeko zorira eraman zutela, baina azken mende erdian euskaltzaleek egindako ahaleginari esker euskara «galzoritik» ateratzea lortu dela. Hala eta guztiz ere, ohartarazi dute euskarak ez duela etorkizuna ziurtaturik, «inola ere ez».
Azpimarratu dutenez, bistan da egun euskara ez dagoela normalizatuta, eta azken ikerketek adierazi duten bezala, gero eta kopuru txikiagoan egiten ari dela transmisioa, baita D ereduan ere. Eta oharra egin dute: «Arduradun politiko eta sektore batzuen diskurtso autokonplaziente eta triunfalisten aurrean, errealismo ariketa egin eta egoera objektibotasunez aztertu behar dugu: euskararen berreskurapen eta normalizazio prozesua ez doa ondo. Hori da errealitate gordina. Gero eta ikerketa, datu eta behaketa enpiriko gehiagok hori adierazten ari dira». EHEren ustez, egoerak erakusten du «larrialdi linguistikoan» dela euskara, hura normalizatu eta euskal hiztunen komunitatea berrosatzeko prozesua «krisian» sartu dela.
Horregatik guztiarengatik, EHEren ustez, egungo hizkuntza politikek eta marko juridikoek «eman behar zutena eman dute» eta bestelako marko juridiko batera jauzi egiteko unea da, euskara normalizatu eta euskaraz osoki bizitzea ahalbidetzen duena, hain justu. «Euskaldunok euskaraz normaltasunez bizitzera iritsi nahi badugu soilik euskara nagusi izango den Euskal Herrian posible izango da hori. Hau da, Euskararen Errepublika independentea eskuratu behar dugu ezinbestean, Euskal Herri euskalduna eraiki ahal izateko».