Gizartea

EHEk mobilizaziora deitu du urriaren 6rako

11:00etan izanen da Baionako herriko etxe aitzinean, Mugarik gabeko euskara. Ofizialtasuna lelopean. Euskal Herrian Euskaraz-ek adierazi du euskararen egoera aldatzeko beharrezkoak direla salaketa eta mobilizazioa.

Euskal Herrian Euskaraz-eko kiak atzo Baionan egin zuten prentsaurrekoan. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2018ko irailaren 27a
15:37
Entzun

Euskal Herrian Euskaraz-ek mobilizaziora deitu du urriaren 6rako Baionako herriko etxearen aitzinean, eta euskaltzale guziei gomita egin die parte har dezaten. Mugarik gabeko euskara. Ofizialtasuna lelopean eginen dute, Ipar Euskal Herrian euskararen egoera zinez alda dadin beharrezkoak diren neurriak har daitezela eskatzeko.

Ipar Euskal Herrian euskarak duen egoera aztertu dute arloz arlo Euskal Herrian Euskaraz-eko kideek. Horrela, adierazi dute “oraindik lortu ez den” helburu bat dela etetea Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, euskararen desagertze prozesua. “Euskarak, eta euskaraz bizi ahal izateak kinkan daude oraindik ere”, EHEren hitzetan. “Euskaldunok egunero-egunero pairatzen ditugu bigarren mailako hiztun izatearen ondorioak”. Euskararen transmisioa ez dago bermatua, euskararen aldeko gizarte eragilearen arabera, eta Seaskari irakasle euskaldun gehiago hartzeko “orain ezartzen zaion oztopoa” da, haien hitzetan, euskararen ezagutza “ahalik eta gehiena mugatzeko ahalegin etengabe horren azken katebegia”. Salatu dute administrazioan “hutsaren hurrengoa” dela euskararen erabilera, eta behin eta berriz baliatzen dituztela legearen muga estuak. “Aurrerabide lotsati batzuk eskuratzea lortu badugu ere, euskarak eta euskaldunok zapalduak eta zokoratuak gara oraindik ere gure herrian”.

Alde horretatik, Euskal Herrian Euskaraz-ek ez du uste aski denik Euskal Elkargoak egindako onarpen ofiziala; “guztiz sinbolikotzat” jo du, ez duelako “inolako betekizunik” ezartzen, eta ez duelako balio “hizkuntza eskubideak bermatzeko”. Onartu dute aitzinapauso bat dela, baina oroitarazi dute euskara oraindik ere ez dela hizkuntza ofiziala.

Euskararen berreskurapena

Euskaldunek «Euskal Herri euskaldunean bizitzeko erabakia» berretsia dutela uste du Euskal Herrian Euskaraz-ek, eta, alde horretatik, euskararen berreskuratze prozesuan jauzi egiteko beharra dagoela. Hiru neurri ikusten dituzte funtsezkoak: euskararen ofizialtasuna lortzea, euskararen ezagutza unibertsalizatzea, eta Euskal Herria berreuskalduntzeko plan estrategiko nazionala indarrean jartzea, euskararen ezagutza eta erabilera orokortzeko.

Halaber, ezinezkotzat jo dute hori guzia Frantziako Errepublikaren eta Espainiako Estatuaren menpean lortzea. “Nabarmena da burujabetza osoaren beharra”, aldarrikatu dute. “Burujabetza, zer-nolako hizkuntza-politika garatu nahi dugun erabaki eta indarrean jarri ahal izateko; burujabetza, hizkuntza-eskubideak bermatu ahal izateko; burujabetza, inolako mugarik gabe euskaraz bizi ahal izateko; burujabetza, Euskal Herriaren berreuskalduntzea azkartu eta bururaino eraman ahal izateko; burujabetza kolektiboa, herri gisa, eta burujabetza indibiduala, euskaldun aktibo gisa”.

Hori eskuratzeko bidean ezinbestekotzat jo dute salaketa eta mobilizaziorako “euskaltzaleon grina eta ekimena”. EHEren ustez, beharrezkoa da “euskararen borroka handitzea”, eta “desobedientzia ariketa erraldoia” egiteko abagunea dela aldarrikatu dute. Horiek horrela, euskaltzale guziei dei egin diete urriaren 6ko mobilizazioan parte hartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.