'Etxetik udalera, euskaraz aurrera!' lelopean, EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak euskarari lehentasuna emateko neurriak hartu dituzten udalak babestu nahi ditu. Izan ere, Espainiako Estatuaren abokatuak helegiteak jarri zizkien hainbat udaleri, arrazoi horregatik. Aurrerantzean udalekin harremana euskaraz izateko tresnak jarri dituela iragarri du EHEk.
Igandean, Zarauzko Munoan mosaiko erraldoi bat osatzeko deialdia egin du EHEk, aipatutako udalak babesteko. 11:00etan elkartuko dira. Mosaikoaren ekitaldiaren ostean, kalejiran joango dira udaletxe aurrera. Eta, bertan, hamaiketakoa egingo dute.
Nestor Esteban EHEko bozeramaileak euskararen aldeko erabakiek jasaten dituzten erasoak salatu ditu gaur Zarautzen: "Espainiako Estatuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan duen ordezkari Carlos Urquijok bultzatuta, Estatuaren Abokatuak herri euskalduna dauka berriz jomugan". Horrez gain, honakoa adierazi du: "Erdaldunen hizkuntza eskubideak aski bermatzen badira ere, hauen gailentasuna kolokan jarri ezkero Estatuaren mekanismo zigortzaleak aktibatzen dira legeak betetzen ez direnaren aitzakian. Bidasoaren alde bietan errepikatzen den errealitatea dugu berau, dela 'Falloux' legea, dela vascuencearen legea, edo direla konstituzioak".